Araba Euskaraz Jai Alai Master Series martxoaren 7, 14 eta 21ean Gasteizko Olabe frontoian

Erabiltzailearen aurpegia Araba Euskaraz 2025eko otsailaren 21a

Igaro dira bi edizio Gasteizko Olabe pilotalekuan, Gasteiz Jai Alai eta Arabako Euskal Pilota Elkartearen laguntzaz antolatutako zesta punta profesionalaren erakustaldia eta lehiaketarena. Mila ikusletik gora erakarri genituen frontoira, bertatik bertara goi mailako emakumezko zein gizonezko puntisten jokoarekin gozatzera. Orain dela bi urteko jardunaldi bakarreko erakustaldi arrakastatsutik, hiru jardunaldiko lehiaketa ofiziala antolatzeko jauzia eman genuen iaz. Horretarako 2024ko zesta punta denboraldi profesionalaren JAI ALAI LEAGUE zirkuituan puntuagarria izan zen ARABA EUSKARAZ JAI ALAI MASTER SERIES lehia antolatu genuen. Zirkuitu puntuagarrian parte hartzea suposatu zuen GASTEIZ (Araba) egun gorenena den zesta punta profesionaleko zirkuituaren egoitzatariko bat izatea, besteak beste, Gernika, Miarritze, Donibane Lohizune eta Paberekin(Fr) batera.

Aurtengo edizioan ere, Durango (emakumezkoak) eta Gernikako (gizonezkoak) WINTER SERIESeko puntistek parte hartuko dute. Guztira hamasei pilotari jokatuko dute Olabeko kantxan, emakumezkoen lau bikote eta gizonezkoen beste horrenbeste, tartean bi kategorietako goi mailako puntista arabarren parte hartzearekin. Bi finalerdi jokatuko dira 2025eko martxoaren 7 eta 14an, eta irabazleekin final haundia martxoaren 21ean. Jardunaldi bakoitzean nesken partidak irekiko du jaialdia eta mutilena itxi. Lehiaketako hiru jardunaldiak ikusteko bonua dago salgai, baita ere jardunaldi bakoitzari dagokion sarrera soltea. Salmenta online burutuko da eta egunean bertan ere leihatilan sarrerak eskuragarri egongo dira aforoa bete arte.

Aurreko bi edizioetan bezala, EITBren laguntzarekin, finala martxoaren 21eko ostirala gauen bertan emitituko da ETB1ean eta streaming bidez ere jarraitu ahal izango da www.eitb.eus atarian.
 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago