Jasotako proposamen guztietatik - 27 guztira – hautaketa batzordeak I see explosions, Bixonte dort, Ezoren, Belgorri, Hugo Serrano eta Pluk aukeratu zituen finalerako. Nabarmentzekoa da parte-hartzean emandako igoera, aurreko edizioekin alderatuta.
2024ko abenduaren 3an eta 4an Jimmy Jazz aretoan egindako zuzeneko emanaldien ondoren, Iñigo Egurenek (DJ Xerula), Ania Rodríguez soinu teknikariak eta Jorge González musikari eta managerrak osatutako epaimahaiak erabaki du 25-35 urtekoen kategorian Laboral Kutxa Gazte Talent saria Bixonte dort taldeari ematea. Belgorrik 14-24 urte bitarteko parte-hartzaileei zuzendutako Gazte Talent saria jaso du.
Epaia kontzertuetara joandako lagunen botoekin osatu da.
Sariak
Talde eta bakarlari finalista guztiek 200 € jaso dituzte abenduaren 3 eta 4an zuzeneko kontzertuak eskaintzeagatik.
Gazte Talent & Laboral kutxa sariak (Belgorri & Bixonte dort): 1000 € talde bakoitzeko, eta Gasteizko jaietako programazioaren baitan Falerina lorategian jotzeko aukera, boloa kobratuta (taldeek hala nahiko balute).
Accesit-a euskarazko talde edo bakarlaririk onenarentzat (Pluk): 500 € eta “Gazte plaza” ekimenean kontzertua emateko aukera, boloa kobratuta (taldeak hala nahiko balu). Nahi izanez gero Araba Euskarazen ere jotzeko aukera izango luke.
Accesit-a nagusiki emakumez osatutako talde edo emakumezko bakarlaririk onenarentzat (I see explosions): 500 € eta “Gazte plaza” ekimenean kontzertua emateko aukera, boloa kobratuta (taldeak hala nahiko balu)
Erresidentzia (Pluk): Jimmy Jazzen burutuko da eta hainbat egunez, kontzeptu teknikoak eta produkzio kontuak finkatuko dira.
Talde irabazleak
14-24 urteko kategoria:
Belgorri: Amurrioko Gaztetxean eman zituzten euren lehen urratsak duela bi urte. Ordutik, inguruko herrietan jotzeko aukera izan dute. Zuzeneko musikaz gain, estudioan ere ibili dira: bi EP argitaratu dituzte, Lehen Taupadak eta ERNETZE(N). Musika estiloa guztiz finkatuta ez duten arren -estilo desberdinak probatu izan dituztelako - batez ere rock-a lantzen dute. Orain sorkuntza prozesu batean murgilduta daude, estudiotik pixkat aldendu eta zuzenekoetan eta abesti berriak eraikitzean zentraturik; musika berria sortzen, publikoa alde batera utzi gabe.
Pluk (Accesit-a) : 2023ko abuztuan talde bat sortzea erabaki zuten bost gazte arabarrez osatutako metal eta punk taldea. Hasieran beste taldeen abestiak jotzen zituzten beraienak sortzen hasi ziren arte. Kontzertuak ematen hasi berriak dira eta ahalik eta leku gehienetan jotzea da beraien helburua.
25-35 urteko kategoria:
Bixonte dort: Power duo formatuko proiektu berri bat sort dute Igor Cuestak eta Aitor Laraudogoitiak, abentura musikal berri bat, beste proiektuen erritmoak alde batera utzita, konposizio-espazio berri bat sortzeko aukera eman diena. Rockaren, stonerraren eta hardcorearen artean mugitzen dira. Beraien esanetan, "Musika konposatu eta partekatzeko gogoekin, besterik ez".
I see explosions (Accesit-a) : 2022-2023 bitartean sortutako taldea. Agurain eta Gasteizko bost kidek osatzen dute rock melodikoa jotzen duen talde hau. Lehen pausoak ematen ari diren honetan beraien lehen diska grabatzeko prozesuan murgilduta daude.
Zer da Gazte Talent?
Gazte Talent, Jimmy Jazz Elkarteak Gasteizko Udalaren Gazteria eta Kultura Zerbitzuekin elkarlanean antolatzen duen musika talde eta bakarlari gazteen lehiaketa da.
Era berean, Arabako Foru Aldundiaren Kultura Saila, Laboral Kutxa eta Araba Euskarazen laguntza du.
Arabako Lurralde Historikoan eta Trebiñuko Konderrian bizi, ikasi edota lan egiten duten 14-35 urte bitarteko gazteek har dezakete parte bertan. Taldekideen % 25a 35-40 urte bitartean izatea onartzen da.
2024an 10. edizioa ospatu du lehiaketak.