Abestiarekin, eta abestia oinarri hartuta osatu dugun dantzarekin, euskarak ez duela mugarik adierazi nahi izan dugu. Harresiak hautsi genizkiola, hemen euskararen periferian; eta periferiatik erdigunera ere eramaten dugula euskara. Letrek azaltzen dute ekitaldi honetarako Araba Euskarazek hedatu nahi duen mezua. Batetik aniztasuna islatzen du, horrelakoa baita Oiongo San Bizente Ikastola: jatorri ezberdineko kidez osaturiko komunitate bat, herri eta herrialde ezberdinetik iritsi eta guztiak ikastolan elkartzen diren kidez osaturiko komunitatea. Bestetik, Arabako ikastolok bat egin dugula ere esaten du abestiak. Guztiok elkarrekin hirugarren urtez jarraian antolatzen dugun Araba Euskaraz baitugu aurtengoa.
Eh, Mertxe! rock taldeak jarri dio doinua abestiari. Ibai Landa bera da taldeko kideetako bat. Besteak dira: Adrian Cabañas, Iosu Martinez eta Ivan Aranbarri. Guztiak ikastoletako kide ohiak. Rock-and-roll banda zitala da Eh, Mertxe!; kementsua, gitarra zorrotzekin eta doinu melodiko eta infekziosoekin, bulkada basatien erritmora dantza eta oihu egitera bultzatzen duena. Agertoki gainean indarra eta sinpatia transmititzen dituen taldea da, eta 2015etik dabil oholtza gainean.
Rock-and-roll musika energiko eta dantzagarria proposatu digute Mugaezin abestiarekin. Osatu dugun bideoklipean San Bizente ikastolako komunitate guztia jarri dute dantzan. Izan ere, auzolanean ekoitzi dugu bideoklipa: ikasleek, irakasleek, gurasoek, San Bizente ikastolaren sortzaile eta lagunek parte hartu dute. Lander Etxedonak zuzendu du bideokliparen errealizazioa. Lander ere ikastolako ikasle ohia da.
- EH, MERTXE! – MUGAEZIN
- Hitzak: Ibai Landa
- Musika: Ibai Landa, Adrian Cabañas, Iosu Martinez eta Ivan Aranbarri
- Musikariak: Ibai Landa, Adrian Cabañas, Iosu Martinez eta Ivan Aranbarri
Arnasgunea Arabako Errioxan
Gure hizkuntzaren hesiak bota zituena
Ebro ibaiaren ertzean bere atea
45 urtez irekia
Zortzien lankidetza beharrezko energia
ikastolen magia gure mingainak dantzan jartzea
MUGAEZIN ARABAN EUSKARA
MUGIMENDU ETENGABEAN
MAHASTI ARTEAN JAIOTAKO EKILOREAK
OIONEN DU BERE ETXEA
Mugagabea herriko ikastola
Izaeraz hautsitzailea izan dena
Bere ikasleak izandako ume bezala
Euskaraz abestearen motiboa
Eskualdeko birika bizia
Nortasunean harrotasunez jantzia
MUGAEZIN ARABAN EUSKARA
MUGIMENDU ETENGABEAN
MAHASTI ARTEAN JAIOTAKO EKILOREAK
OIONEN DU BERE ETXEA