Garaipen sendoekin sailkatu dira finaletara MAITE-ARAI eta BARANDIKA-LEKERIKA bikoteak

Erabiltzailearen aurpegia Araba Euskaraz 2024ko api. 22a, 16:38

Xabier Barandika eta Unai Lekerika gernika-lumotarrek pauso sendoz hartu dute Araba Euskaraz Master Seriesa, eta txapelketaren finalean egongo dira, ostiralean [apirilak 26]. Goi mailako finalaurrekoa jokatu zuten Ludovic Ladutxe getariarraren eta Jon Bullet Zabala markina-xemeindarraren aurka. Herrikide eta adiskide bikoteak ez zuen inongo aurkaririk topatu partiduan, eta uneoro norgehiagokaren kontrola eduki zuten.

Emakumezkoen partiduak ere gizonezkoenen pareko dinamikei jarraitu zien. Izan ere, Maite Ortiz de Mendibil arabarrak eta Arai Lejardi markina-xemeindarrak garaipen boteretsua eskuratu zuten Elaia Gogenola berriatuarraren eta Frida Watkins zumaiarraren aurkakoan.

Ia bederatzi hilabeteren ondoren, beldurrak kendu eta konfiantza hartzen joatea zen Barandikaren asmoa kantxetara itzuleran. Bada partida ikusi ondoren, lesionatuta egon ez balitz bezala jokatu duela esan behar dugu. Xabiren lesio luzeak zalantza eragiten zuen pronostikoetan baina berehala aldendu ditu zalantzak bikote gernikarrak.

Oso ondo ikusi zaio Olabe pilotalekuan Barandikari. Konfiantzaz joan da erremateen bila, beldurrik gabe joan da lasterka txapa gainekoak altxatzera... Araba Euskaraz Jai Alai Master Serieseko B´finalerdian behintzat, ez dugu ezberdintasunik igarri, lesio aurreko Barandikaren eta lesio ostekoaren artean. Lekerikak berak ere partidu oso ona jokatu du, bikain aritu dira bi lagunak eta Laduche eta Zabalak berriz, partiduko momentu askotan galduta ibili dira eta akatsak egin dituzte.

Bikote gernika-lumotarra hautagai zen jokoa abian ipini orduko, eta ez zuen hutsik egin. Tantoz tanto, geroz eta sendotasun agerikoagoa bistaratu zuten, eta markagailua nagusitasun horren erakusle izan zen. Hain zuzen ere, 15-8koarekin nagusitu ziren lehendabiziko setean. Bigarren setak lehenengoaren bide berberetik egin zuen. Lekerikak behar txukuna eta segurua egin zuen atzealdeko koadroetan, tantoak dominatuz. Barandikak, bere aldetik, tantoak borobiltzen jarraitu zuen. Hala Ladutxek, nola Zabalak ezer gutxi egin ahal izan zuten beraien aurkarien kontra. Finalerako txartela urrun samar eduki zuten partidu osoan; Barandika eta Lekerika, faborito biak, 15-7ko markagailuagaz gailendu ziren bigarren setean. 

Ostirala honetan, hilak 26, bikote oso lehiakorra edukiko dute arerio: batetik, egungo puntistarik goi mailakoena den Aritz Erkiaga ispastertarra; bestetik, etxeko jarraitzaileen aurrean jokatuko duen Julen Del Rio gasteiztarra. Final estua eta borrokatua izateko osagai guztiak mahai gainean daude.

Maite eta Arai nahieran.

Emakumeen Masterrean, partidu polita jokatu dute lau protagonistek. Hasieratik Maite Ortiz de Mendibil eta Arai Lejardi izan dira nagusi. Momentu baten markagailuan hurbildu zaizkie Elaia Gogenola eta Frida Watkins baina bikote marroiak oso seguru jokatu du eta ondo errematatzen Andetxako aurrelaria. Elaia berriatuarrak ere ondo jokatu du, beste behin ere erremate ederrak egin ditu baina ezin izan du partidua nahi bezala lehiatu. Frida zumaiarrak apur bat behera egin du eta Maitek eta Araik lortu dute finalerako txartela. Ikusleek partidu ederraz gozatzeko aukera eduki zuten. Ortiz de Mendibilek eta Lejardik asmo argi eta garbiagaz abiatu zuten norgehiagoka: garaipen bizkorra lortzea. Une batean, Gogenola eta Watkins markagailuan hurreratu zitzaizkien, baina 15-10 eta 15-12 nagusitu ziren bi setetan. Ortiz de Mendibilek, ohiko legez, maila polita erakutsi zuen tantoak amaitzerakoan; hori bai, beragaz batera, Gogenola izan zen protagonista. Hain zuzen, erremateak bukatzeko abilezia erakutsi zuen Berriatuakoak. Watkinsek, ostera, txanponaren ifrentzua ezagutu zuen: ez zuen asmatu jokaldiak eroaterakoan, eta horrek akats ugari egitea ekarri zion.

Finalak datorren ostiralean, hilak 26 jokatuko dira, Gasteizko Olabe pilotalekuan arratsaldeko 19:00tan hasita:

ERIKA-NAROA vs MAITE-ARAI

ERKIAGA-DEL RIO vs BARANDIKA-LEKERIKA

FINALERAKO SARRERAK HEMEN

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago