Oiongo San Bizente ikastolari aitortza egingo diote, periferiatik egindako lanagatik

Erabiltzailearen aurpegia Araba Euskaraz 2024ko mar. 6a, 11:47

Igande honetan, Non eta mugan aitortza ekitaldia egingo dute Beskoitzen, Euskal Herriaren periferian koka genitzakeen zortzi ikastolen lana aintzatesteko, tartean Oiongo San Bizente ikastolarena.

Heldu den martxoaren 10ean, Ikastolen jaiek Euskal Herriko periferiako zortzi ikastola omenduko dituzte, Beskoitzen (Lapurdi), Ikastolak Herriari egitasmoaren baitan ospatuko den Non eta mugan ekitaldiarekin. Aitortza ekitaldia biribiltzeko, egun osoko egitaraua prestatu dute, jolas, pailazo, bazkari eta Bizkarsoro filmaren emanaldiarekin, besteak beste.

Euskal Herrian badira periferiatik euskara lantzen duten eragile ugari, horietako bat Ikastolen mugimendua da. Ikastolek, historian zehar, toki guztietan izan duten misio bera, periferiako ikastolek ere badute: jendartea euskalduntzeaz gain, euskalduntasun horren bitartez euskal kultura indartzea. Hori baita euskal identitatea garatzeko bide sendoena.

Ez da erraza izan ikastola hauek pairatzen duten egoera sozio-politikoari aurre egitea, eta oraindik ere zaila izaten jarraitzen du. Aurrera egiteko dedikazio eta militantzia handia behar izaten dute. Horregatik beharrezkoa da Euskal Herriaren periferian euskararen alde lan egin duten eragileei aitortza egitea.

Honako hauek dira Euskal Herriaren periferian koka genitzakeen zortzi ikastolak eta, beraz, Beskoitzeko ekimenean ordezkatuta egongo direnak:

  • Beskoitzeko Ikastola (Lapurdi)
  • Sohütako Eperra Ikastola (Zuberoa)
  • Zangozako Ikastola (Nafarroa)
  • Lodosako Ibaialde Ikastola (Nafarroa)
  • Tuterako Argia Ikastola (Nafarroa)
  • Vianako Erentzun Ikastola (Nafarroa)
  • Oiongo San Bizente Ikastola (Araba)
  • Balmasedako Zubi Zaharra Ikastola (Bizkaia)

Eguneko egitaraua
  • 10:00 Harrera - Gosaria
  • 11:00 Periferiako ikastolei aitortza ekitaldia
  • 12:30 Haurrentzako jolasak, puzgarriak eta Pontx pailazoa
  • 14:00 Bazkaria
  • 17:00 Bizkarsoro filmaren emanaldia
  • 18:30 Ekitaldiaren itxiera

Bazkarirako txartelak honako estekan eskuratu daitezke.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide