Zortzi ikastoletan sortu ditugu batzordeak eta lanak banatu ditugu: material salmenta, Tanta txartelen salmenta, babesle-laguntzaileen eta publizitatearen bilaketa, segurtasun aurreikuspen lanak, urte osoko ekimenen antolaketa, eguneko egitarauaren taxuketa, muntaketa lanen aurreikuspena,… Lan asko dira elkarlanean kudeatu beharrekoak. Lan horiek guztiak, bistan da, samurrago egiten dira ikastola guztiok batuta, eta denon artean koordinatuta.
URTE OSOKO ARABA EUSKARAZ
Araba Euskaraz eguna ekainaren 16an ospatuko dugun arren, egiazki Araba Euskaraz urteaz mintzatu beharko ginateke. Izan ere, Araba Euskaraz gure lurraldeko bazter guztietara eramango dugu aurten ere, eskualde bakoitzean urtean zehar antolatuko ditugun ekimen desberdinen bitartez. Urte osoko lana aurreikusten dugu, beraz, eta Araba Euskaraz eguna urte osoari bukaera ematen dion jai eguna izango da.
Ikastola guztion artean egingo dugun auzolan honi esker, ikastolen proiektuak ezagutarazi eta bultzatu nahi ditugu. Baina, era berean, euskarari eta euskal kulturari agertoki handi bat eskaini nahi diegu. Ikastolek bezalaxe, euskarak behar duelako Araba Euskarazen bozgorailua; euskal kulturak behar duelako Araba Euskarazen agertokia; eta arabarrok ere behar dugulako Araba Euskarazen topagunea.
Guztion lana, guztion konpromisoa, ikastolen mugimenduarekiko, Arabarekiko, euskararekiko eta euskal kulturarekiko. Guztion lana eta esfortzua, ikastolen proiektuak aurrera ateratzeko. Urte honetako Araba Euskarazen antolaketarekin Oiongo San Bizente ikastola lagundu nahi dugu. San Bizente ikastolaren hezkuntza proiektua ezagutzera ematearekin batera, Oionen eta Arabar Errioxan euskararen erabilpena aldarrikatzeko eta bultzatzeko, eta erabilpen eremuak zabaltzeko baliatuko dugu gure jaia.
Leloa eta logotipoa
Mugaezin; horrela, mugagabean, dugu 2024ko Araba Euskarazen leloa. Mugarik gabe eta mugaezin irudikatzen dugulako gure hizkuntza. Mugarik gabe, ez bada ortzi-muga, mugarriz mugarri, euskararentzako espazio zabalagok irekiz. Mugarik gabe, euskaraz hezi eta hazi nahi duten guztientzat.
Hegomendebaldeko bazterretik ari gara, bazter-herritik, euskarazko hatsa igorriz erdigunera. Baina erdigunean ere bagaude, eta indar zentripetua eragiten dugu, nafarrak eta errioxarrak, baita etorri berriak ere erakarriz gurera.
Gure gogoa, borondatea eta grina ere mugaezinak dira. Duela berrogeita hamar urte, guraso, irakasle eta ikasle aitzindariek abiatutako ikastola mugimendua guztiz errotuta dago Arabar Errioxan. Urteotan guztiotan lortu dugu eskualde honetan euskaldun eta ia euskaldunak %4 izatetik, %40tik gora izatea. Eta gure gogo, borondate eta grina mugaezinarekin lortuko dugu Arabar Errioxa euskalduna, Euskal Herri euskaldunean.
Su planetak eta Gar izarrak erakusten digute bidea, Lurretik 26 argi-urtera. Euskara unibertsala baita!
Logotipoa infinituaren ideian inspiratuta dago eta Arabako lurraldeko zortzi ikastolen arteko lankidetza sinbolizatzen du.
Diseinu honen funtsezko elementuak hauek dira:
Forma nagusia: logotipoak betikotasuna eta etengabeko mugimendua adierazten duen forma espirala aurkezten du, etengabeko bidaiaren eta denboraren jarioaren ideia gogora ekarriz.
Ekilore-petaloak: espirala harmoniatsu konbinatzen da espirala inguratzen duten zortzi petaloekin. Petalo horietako bakoitzak Arabako zortzi ikastoletako bat irudikatzen du. Petaloak hazkundearen, aniztasunaren eta lankidetzaren sinbolo dira, elkarrekin osotasun harmoniatsua eta bateratua osatzen baitute.
Kolore horia: logotipoan nagusi den kolorea horia da, ekilorearen ezaugarria dena. Kolore honek argia, energia eta bizitasuna sinbolizatzen ditu. Gainera, ekilorea Arabako paisaiaren landare enblematiko bat da, eta komunitatearekin eta lurraldearekin lotura berezia ezartzen du.
Urteko ekitaldiak prestatzen
Ekainetik hona lanean aritu gara, Araba Euskaraz urtea diseinatu asmoz, eta dagoeneko zirriborratu dugu urtean zehar egingo dugun eskaintza. Halere, oraindik datak jartzea falta zaigu, eta zenbait ekitaldiren behin betiko diseinua amaitzea ere. Horregatik, gaur ez dizkizuegu aurreratuko urte osorako egin dugun plangintza. Aurreratuko dizuegu, hori bai, iaz bezala hainbat ekimen izango direla Arabako lurralde osoan, iaz bezala, aurten ere Araba Euskaraz lurralde osora hedatu nahi dugulako, eta Araba Euskaraz eguna izango da urte osoari amaiera emateko jaia.
SAN BIZENTE IKASTOLA
1976. urtean sortua, ia mende erdi bat ari da San Bizente ikastola Oionen errotuta lanean. 0-16 urte bitarteko ikasleak hartzen ditu, eta uneotan 201 familiak, 288 ikaslek, 34 irakasle eta langilek osatutako komunitatea da ikastolarena. Funtsezko bi oinarrik ematen diote San Bizente Ikastolari berezko nortasuna. Alde batetik, Kooperatiba da, gurasoek antolatua, beren seme alabei hezkuntza euskaldun eta kalitatezkoa eskaintzeko, kudeaketa demokratiko eta garden baten bitartez. Bestetik, kalitatezko zerbitzua eskaintzea da ikastolaren xedea. Bi ezaugarri horiek ematen diote San Bizente Ikastolari bere berezko nortasuna: Ikastetxe euskalduna, integratzailea, akonfesionala, hezkidetzagilea da, eta metodologia parte-hartzailea eta kudeaketa irekia eskaintzen dituena Oiongo eta inguruko familia guztientzat. Izan ere, inguruko herrietatik ere jasotzen ditu ikasleak, bai eta Errioxara bizitzera joandako zenbait familiaren seme-alabak eta zenbait ikasle nafar ere.
San Bizente ikastolak harreman estua dauka Arabako beste zazpi ikastolekin, baina berezki, Arabar Errioxako beste bi ikastolekin, Bastida eta Assarekin. Hiruen artean lortu dute lau-bost hamarkadatan eskualde honetan euskaldun eta ia euskaldunak %4 izatetik, %40tik gora izatea.
2024ko Araba Euskarazekin, lehenik eta behin, San Bizente Ikastolaren hezkuntza proiektua ezagutzera eman nahi dugu. Horrekin batera Arabar Errioxan Ikastolok euskararen alde egiten dugun lana ikusarazi nahi dugu: Arabar Errioxako neska mutikoak euskalduntzen ditugu, eta, horiekin batera, baita hainbat nafar, errioxar eta urrunagotik etorri berriak ere. Arabar Errioxan euskararen erabilpena aldarrikatzea eta bultzatzea, eta erabilpen eremuak zabaltzea ere bada gure xedeetako bat. Eta, noski, Ikastola proiektuari jarraipena emateko finantzazioa lortzea.