Bengalek argiztatzeko balio dute, leku bat ikusgai egiteko, seinaleztatzeko edo laguntza eskatzeko. Bengalak, beste edozer bezala, kontu handiz erabili behar dira, bai pizteko orduan, erabiltzen diren lekuan, zein zaborretara botatzeko orduan. Bengalek arrisku bat suposatu dezakete norbanako baten etxean erortzen badira edo herri mugimenduaren kontra jaurtitzen badira iritzi publikoa manipulatzeko asmo soilarekin.
Euskal Herria txikia da, eta are txikiago Araba, askok elkar ezagutzen dugu gure artean eta azkenean dena jakiten da. Egia ezagutzen dute, azkar jakin zuten lurraren defentsaren aldeko, guztionaren defentsaren aldeko eta energia berriztagarrien burbuilaren kontrako inolako taldek ez zuela Aritz Otxandianoren etxera bengalarik jaurti. Eta hala ere, komunikabide desberdinetan, asko izan dira makrozentral energetikoen kontra jarduten duten herri mugimenduko taldeak kriminalizatzen saiatu direnak, gertakari famatuaren erantzule bezala seinalatu nahian. Hori difamatzea besterik ez da, iritzi publikoa manipulatzeko eta estrategia politiko jakin bati mesede egiteko gezurretan ibiltzea. Fake news bat eskuinak berak egiten duen bezala erabili dute. Lurraren defentsaren aldeko militanteok ere, Otxandiano jauna bezala, oso bihotz onekoak gara eta barkatzen badakigu. Tamalez oraindik ez dugu inor entzun bere hitzetaz eta akusazio faltsuetaz damutzen.
Argi dago batzuentzat herri mugimenduaren parte batek molestatu egiten duela. Are gehiago kapitalismo basatiaren jarraitzaile fidelak diren alderdi politikoekin bat egiten ez duenean. Lurraren defentsarako taldeak politikarien eta enpresarien astakeriak salatzeko eta horren kontra presioa egiteko sortu ginen. Gobernuek, finantza eta energia monopolioek eta multinazionalek ekarri gaituzten krisi klimatiko, energetiko, ekologiko eta sozial guztiari aurre egingo dion transformazio sakon eta iraunkor baten alde borrokatzen dugu.
Krisi klimatikoak, energetikoarekin, ekonomikoarekin, sozialarekin eta biodibertsitatearenarekin batera, irtenbide zaila izango duela dirudi. Gutxi batzuen etengabeko hazkunde ekonomikoak eta aberastasuna metatzeko grinak baliabide naturalen eta lehengaien neurriz kanpoko kontsumoa bultzatu dute. Eta oraindik ere, egoerari buelta emateko urgentziaren aurrean, negozioa egiten jarraitzeko aurkezten dira bankuak, inbertsio funtsak eta oligopolio energetikoak, zeintzuentzat gobernuek eta epe laburreko ikuspegidun politikariek alfonbra gorria jartzen duten, agian ordainean zeozer jasotzeko esperoan.
Eskala handiko makrozentral eoliko eta fotovoltaikoak konponbide bezala aurkezten dizkigute. Konponbide hau, baina, ez dator energia fosilak ordezkatzera, ez da jasangarria ez bidezkoa, ezta are gutxiago berdea ere. Ez du giza jardueraren eta baliabide naturalen arteko oreka errespetatzen eta ez du bere eskuragarritasuna epe luzean bermatzen. Ez du aberastasun globalaren espolio inperialistaren logikarekin apurtzen. Eta ez da berdea, karbonoaren konpentsazioan oinarritutako "neutraltasun klimatikoaren" helburua lortzeaz hitz egiten dutelako, benetan "emisioak murrizteaz" hitz egin beharrean. Hau da, "kutsatzen dut baina zuhaitzak landatzen ditut". Karbono emisioen murrizketaren bidezko tenperatura globalaren gutxitzea ez dugu lortuko, beraz, egungo politika ekonomikoekin eta negozio energetikoarekin.
Kolore guztietako politikarien apustua argia da herrialde industriala izatearen alde, eta horregatik dakarzkigute hidrogenoa, bateriak, datu zentroak, biogas eta biomasa makrozentralak, automobil ekoizpen handiagoa (elektrikoak zein konbustiozkoak) eta industria militarra eta armamentistikoa. Eta honetarako behar dituzte, energia elektriko iturri merke bezala, makrozentral eoliko eta fotovoltaiko gehiago, eta behar bada nuklearrak ere. Industria mota hau ez da jasangarria, ez da batere bidezkoa, eta berdea izatetik oso urrun dago. Izatekotan ere, politika industrial eta ekonomiko retardistak dira.
Retardistak, ekosistemen, biodibertsitatearen eta nekazal eremuen kaltetan, mendiak eta lurrak makrozentral energetikoetarako okupatzea ahalbidetzen dutenak dira. Narratiba retardistak Bilboko portuaren (merkantzia eta gurutzaontzi gehiagoren sarrera), Forondako aireportuaren (merkantzien joan-etorrien eta charter hegaldi merkeen ugaritzea), eta errepideen eta konexio-korapiloen (kamioien joan-etorrien ugaritzea) bezalako anpliazioetarako energia fosiletan inbertsio milioidunak iragartzen dituztenak dira.
Itziar Martinez de Luna eta Iker Ruiz de Infante
Araba Bizirik-eko militanteak
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.