Gasteizko Mercedesen geldiera berria martxoan

Erabiltzailearen aurpegia Alex Losada 2024ko mar. 1a, 16:00

Mercedesek Gasteizen duen fabrika. Argazkia: MERCEDES-BENZ

Mercedes-Benzek Gasteizen duen fabrikak ekoizpena etengo du martxoaren 1ean, 4an eta 5ean.

Gasteizko Mercedes fabrikaren egoera ez da hobetzen. Otsailean, lantegiak bere ekoizpena gelditu zuen bost egunez, eta egoerak ez du hobera egingo gutxienez hurrengo bi hilabeteetan. Martxoan, ekoizpen gabeko egunak murriztuko dira; otsailean bost izatetik, martxoan hiru izatera pasatuko dira. Hala ere, garrantzitsua da langileentzat; izan ere, dagozkion orduak hiru txanden poltsan kargatuko dira. Gainera, apirilean egun kopuru hori handituko da, ekoizpen gabeko egunak lau izatera pasatuko baitira.

Zergatik? Bigarren sektorean, eta bereiziki automobilgintzan, enpresak eta lantegiak merkatuaren mende daude; edo, hobeto esanda, merkatuaren eskariaren mende. Azken aldi honetan, ez dago eskari handirik automobilgintzan, eta merkatua beherantz doa. Kasu horietan, enpresek ekoizpen ahalmena merkatuen eskaeretara egokitu behar izaten dute; eta Gasteizko Mercedesen filiala jardunbide hori jarraitzen ari da.

Fabrikarentzat eta langileentzat bakarrik geratzen da merkatuaren garapena ikustea, alegia, merkatuaren hazkunde berria ikustea. Egoerak horrela jarraituz gero, ekoizpenaren etenaldi gehiago egin beharko dira, eta langileek enpresaren mende egongo dira, orduak noiz berreskuratuko dituzten ikusteko. Gasteizko fabrikaren helburua urte honetan 140.000 furgoneta ekoiztea da, aurreko urtean baino %11,12 gutxiago. Egoeraren garapena ikusi beharko da hurrengo hilabeteetan, enpresaren zein langileen onerako.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago