Ligako egutegiak kalte egiten dio Alavesi

Argazkia: Iraultza 1921

Alavesek lehen zortzi partidetatik bi besterik ez ditu asteburuan jokatuko.

Alaveszaleen kexak asko izan dira azkenengo asteetan, taldeari egokitutako partidetako egutegiaren ondorioz. Lehenengo sei jardunaldietatik bakarra izan da asteburuan, joan den larunbatean Valentziaren kontra jokatu zuena. Hurrengoa urriaren 1ean jokatuko du, Osasunaren aurka; Valentziaren aurka jokatu zuenetik ia hilabetera.

Partida horien artean daude Rayo Vallecanoren aurka ostiral batean izandakoa, Athleticen aurka ere ostiral batean izan zuena, eta Celtaren aurka berriz ere ostegun batean jokatutakoa; bi partida bisitari gisa, eta Athleticen aurkako derbia Mendizorrotzean.

Zaleen haserrea LaLigarekin

Lehen jardunaldian agerikoa izan zen Iraultza 1921 taldearen haserrea. Izan ere, protesta moduan, jarraitzaile taldeko inork ez zuen Cadizera bidaiarik egin Ligako lehen partida ikusteko. Mendizorrotzean jokatu diren partidetan, Alaveszaleek pankarta asko jarri dituzte Futbolari ez astelehenetan aldarrikatuz.

Zaletu askok ez dute begi onez ikusten futbol partidak lanegunetan izatea, ordutegi arazoak direla eta, ezin baitute taldearen partidetara joan. Argi dago borrokak jarraitu beharko duela taldeak asteburuetan jokatu dezala eskatuz, lehiaketako bi hilabetetan bi aldiz besterik ez baitu jokatuko asteburuan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide