Baskoniak eta Cazook bien arteko hitzarmenari amaiera eman diote, Gasteizko taldeak komunikatu ofizial baten bidez adierazi duenez. Akordioaren bukaeraren arrazoia ez dute adierazi oraindik, bakarrik jakitera eman dute bi parteen akordioa bukatu dela urtebeteko lankidetza eta gero. Komunikatuan, Baskoniak argi utzi du arrazoia ez dela haserrea izan, erlazio bikaina dagoela akordioa amaitu den arren.
Noski, Baskonia ez da laguntzailerik gabe geratuko. Gaur bertan bere kolaboratzaile berria jakinarazi dute beste komunikatu ofizial baten bidez. Kolaboratzaile berria eToro izango da; Espainian eta saskibaloian enpresa horren kolaborazioa lehen aldiz lortu dute Buesa Arenan.
Cazoorekin gertatu zen bezala, eToro jokalarien praketan, zelaiaren pantailetan, sare sozialetan eta hainbat tokitan agertuko da. Bi parteak pozik agertu dira, eta Baskoniaren CEO Haritz Kerejetak hitz egin du akordioa ospatuz. Tali Salomon, Iberia eta Latinoamerikako eskualdeko managerrak ere bere poza erakutsi du, "aldaketa positibo bat" izango dela esanez.
Baina, zer ote da eToro?
Finantzen munduan dabilen enpresa israeldarrak hainbat akordio ditu kirol talde ugariekin. Futbolean, Premier League edo Bundesligako talde asko eToro enpresarekin lanean daude akordio berberarekin; beraz, eToron esperientzia dute gisa honetako akordioetan.
eToro finantzetarako erabiltzen den broker bat da. Broker bat beharrezkoa da aktiboekin transakzioak egiteko, adibidez, burtsan akzioak saltzeko edo bestelako transakzioak egiteko. 2007tik zerbitzua eskaintzen die bere erabiltzaileei, modu erraz batean. 32 milioi pertsonak baino gehiagok erabiltzen dute.
Akordioa bi parteei on egitea espero dute Buesa Arenatik, eta denboraldiaurrean ikusiko da eToro Baskoniaren arropan eta zelaian.