Saminaren isiltasuna

Erabiltzailearen aurpegia Aitor de la Villa 2016ko mar. 2a, 18:02

2013tik gaur arte, zenbat egun? erlojuaren orratzen tik-taka...

Desagertu, airatu, itzali, hil. Polisemiaren tragedia, kate-begi herdoilduen segida, bata bestearen atzetik, lotura egongo ez den itxaropenaren zerra. Aurrera doa denbora, eta zerrak galdu du zorroztasuna. Azkeneko kate-begiaren ostean, zalantzak, erantzunik gabeko galderak; mendi gailurretik jaurti egiten

direnak, oihartzunak galdera baino zerbait zehatzagoa erantzungo duen esperoan. Zorabioa. Baina denbora aurrera doa eta katearen herrestatze egonezinaren zarata gorgarria da.

Gogorra izan behar da norbait ez aurkitzea; kioskoetako egunkarien titularra, baina galderei erantzunik eman gabe. 2013tik gaur arte, zenbat egun? Bat, bi, hiru, lau, bost... erlojuaren orratzen tik-taka, teilatu-hodi baten zulotik erortzen diren tanten zipristin amaigabea. Zazpi, zortzi, bederatzi... eta egutegiko orriak, udazkeneko hostoak bezala, orri berriek ordezkatzen dituzte.

Gogorra izan behar da, bai, norbait ez aurkitzea; helbiderik gabeko gutuna idaztea, igorlearen alferrikako izenarekin; hamaika, hamabi, hamahiru... bilatu, baina ez aurkitu; eskatu, baina ez jaso; non eta nola, noiz eta zergatik... hamabost, hamasei... bi urte baino gehiago, zazpi ehun eta hogeita hamar, eta lehen eguneko galdera berberak.

Duela aste bat, Anberes zeharkatzen duen Eskalda errekan, agertu zen Hodei Egiluzen gorpua. Errementariak azken kate-begia jarri zuen, zalantzek sorrarazitako egonezina isilarazten duen saminarena. Katea itxi da, baina, oraindik badirau beste zenbait kateren zaratak. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago