Konplikatua

Erabiltzailearen aurpegia Aintzane Urrutia 2022ko urr. 8a, 10:00

Arg: Pixabay

"Euskarari dedikatuko zaizkion eskola-orduak murriztu egingo direla ondorioztatzeko ez da astrofisikoa izan behar"

Berrogei neska-mutikok osatzen genuen nire eskola garaiko taldea. Guztiok behar eta merezi genuen adinako arreta eskaini ahal izateko ume-kopuru altuegia dudarik gabe. Gure artean ezberdinak ginen gelakideak, eta matematikak atsegin zituena gutxiengoa izaten zen nire sasoian. Multzo horretakoa nintzen eta naiz ni. Letrak ere gustuko ditut, jakina, baina horien esanahia ulertzeko, interpretatu egin behar dira ezinbestean. Eta nago, interpretazioaren pausu horretan letrek, hitzek eta esaldiek adierazten dutena ez dela beti ondo entenditzen.

Zenbakiak eta letrak nahastea ere posible da, eta, halaxe egiten da, adibidez, euskarazko hizkuntza-soslaiak ezberdintzeko. Oso erabilgarriak diren hizki-letra bikoteak dira gainera! Interpretatzen errazak eta aski ezagunak direnez, eraldaketa prozesuan murgilduta dagoen hezkuntza lege berriaren zirriborroan ere, etapa bakoitzaren amaieran gure eskola umeei aitortuko zaien hizkuntza-eskakizuna zein izango den adierazteko bikote horiek erabiltzen dira. Lege berrian jasotakoaren arabera, DBH amaitzean esaterako, B2a aitortuko zaie ikasleei. Gaur egun indarrean dagoen legearekin, aldiz, gaztetxoek etapa horren amaieran egiaztatzen duten profila B1a da.

Testuan jasota dagoena interpretatzea eta ulertzea ez da konplikatua. Korapilatsua, zaila, nahasia eta benetan konplikatua egiten zaidana, oro har hizkuntzekiko, eta batez ere euskararekiko jasotzen diren helburu horiek egingarriak direla baieztatzea da. Zenbakiak atsegin dituen horietakoa naizelako izango da?

Hizkuntza eredu bakarra planteatzen du zirriborroak: eredu eleaniztuna. Horrela, eredu horren arabera, umeek ingeleraz eta gaztelaniaz jasoko dituzten irakasgai kopuruek gora egingo dute. Zer gertatzen da beraz haur horiek euskaraz jasoko duten irakasgai kopuruarekin? Letrak zenbakiak baino gehiago maite dituztenek ere erraz erantzun dezakete galdera hori; izan ere, euskarari dedikatuko zaizkion eskola-orduak murriztu egingo direla ondorioztatzeko ez da astrofisikoa izan behar. Haatik, talentua behar da euskara ordu gutxiagorekin, etorkizunean euskara-maila altuagoa egiaztatzeko gai izango direla baieztatzeko? Batek daki hori posible nola izango den. Bildarratz jenioa izango da akaso. Testua berez, eragile eta alderdi politiko ezberdinekin izandako elkarrizketen ondorioa da. Baina, horietan erabilitako letra, hizki, zifra eta zenbakien interpretazioa berea du, antzerkia berea izan den eta izaten ari den modu berean.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago