Autoritatea

Erabiltzailearen aurpegia Aintzane Urrutia 2022ko eka. 25a, 10:00

Arg: 'La creación del patriarcado'.

"Emakumeen historia kontatzeko ez ezik, emakumeen historia egiteko beharra daukagu"

Espazioa. Hiru dimentsioko eremu mugagabea; infinitua, alegia. Neurrigabekoa dugu beraz espazioa, eta horrenbestez, espazio diren gune, toki, leku eta eremu desberdinak partekatzea ez litzateke arazo izan beharko. Handitasun horretan denontzako dago nahikoa. Baina nago, pertsona guztiok ez ditugula ingurune edota foro horiek guztiak autoritate berberarekin okupatzen. Zer esanik ez espazio hori publikoa denean.

Emakumeak munduaren erdia izan gara gizateriaren hasieratik; biztanleriaren erdia edo beste erdia osatzen dugu. Amaigabea den unibertso honetan, gizon-emakumeok konkistatu dugun espazioaren bat birena okupatzen dugu andrazkoek. Horrela, gaur egun ezagutzen dugun mundua eraikitzen parte hartu dugu, gizadiaren historiaren parte izan gara, eta gara. Haatik, emakumeak ez gara kontatu, irakatsi edota ikasi dugun historian agertzen. Eta hala egiten badugu, salbuespen batek aldarrikatzen gaituelako da; hots, emakume batek gizonezkoen espazioa okupatzen duelako. Gutxiengoaren esparrura zokoratu gaituzte beti.

Munduaren historia beste modu batera kontatzea posible da. Premisa horrekin abiatzen da Cristina Oñoro ere Las que faltaban idazterakoan. Liluragarriak izan ziren hein berean isilduak izan ziren 13 emakume lotzen dituen saiakerari, 2016ko pasadizo batekin ematen dio hasiera idazleak. Hain zuzen ere, argitaletxe garrantzitsu batek La aventura de la historia izeneko bilduma saldu nahi zuenean, izan ere, bertan agertzen ziren pertsonaia guztiak maskulinoak ziren.

Gerda Lerner historialariaren La creación del patriarcado lana ez da arestian aipaturiko anekdota bezain oraintsua, baina zalantzarik gabe hala izan zitekeen. Bideari ekin zaion arren, jendarteak ikasteko eta desikasteko asko dauka oraindik. Emakumeen historia kontatzeko ez ezik, emakumeen historia egiteko beharra daukagu oraindik. Guk ere rol garrantzitsua jokatu baitugu beti kulturaren transmisioan, historian zehar beti egon baikara hemen, beti izan baikara gizateriaren erdia. Hala izan da beti bai, baina… ez betikotu orain arteko ohiturak eta kontakizun moduak. Okupatu dezagun espazio oro eta egin dezagun geure historia, guk ere beti izan baitugu horretarako autoritatea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago