Galderak

Erabiltzailearen aurpegia Aintzane Urrutia 2022ko api. 6a, 16:00

"Harritzeko gaitasuna inportantea da. Sentipen hori baita jakingura sortzen diguna, eta kuriositate hori da galdera ekartzen diguna"

Denbora luze da El mundo de Sofía irakurri nuenetik. Filosofian baino abilagoa nintzen ni matematikan, baina gozamena izan zen Jostein Gaarder irakurtzea.

Nor zara? Galdera horrek hasieratik harrapatu ninduen eta atzetik... neure buruari inoiz galdegin gabekoak ekarri zizkidan. Galderak, galderak eta galderak. Zeinen garrantzitsuak diren galderak.

Galderak egiten dituzten pertsonak dira beti arriskutsuenak. Erantzuteak ez dauka peril berbera. Izan ere, itaun bakarrak bere baitan mila erantzunek baino bolbora gehiago izan dezake. Munta handiko afera dugu beraz galdekizunak egiten jakitea eta ikastea. Nire ustez pentsamendu kritikoa garatzeko ezinbestekoa. Modan dauden edota inposatu nahi dizkiguten ideietatik modu independentean mantendu ahal izateko funtsezkoa den trebetasuna, alegia.

Harritzeko gaitasuna ere inportantea da. Sentipen hori baita jakingura sortzen diguna, eta kuriositate hori da galdera ekartzen diguna. Heldutasunarekin baina, badirudi txunditzeko ahalmen hori galdu egiten dugula. Antza, filosofoak dira horretarako abilezia kontserbatzen dutenak, eta, horixe omen da hain juxtu filosofo ona izateko beharrezkoa dena; harridura, txundidura edota espantua sentitzeko trebezia.

Euskal sindikalgintzako eragileak adinez nagusiak dira, baina aipaturiko sentipen hori sentitzeko abilidadea mantentzen dutela ikusteko abagunea izan genuen pasa den astean. Izan ere, STEILASek ostegun honetarako deitu duen lanuztearen berri izan zutenean, LABek eta ELAk harridura adierazi zuten. Ez dakit nik hauek filosofian artetsuak izango diren edo ez, baina nago, bide zuzenena sentsazio horren arrazoiak zeintzuk diren aurkitzeko galdera egokiak bilatzea dela.

Hezkuntza lege berrirako oinarrien hitzarmenak alderdi politikoen babes zabalarekin egin zuen aurrera bai, eta ni filosofoa ez naizen arren… nire jakin-nahiak, jakin-minak, jakingurak, jakin-beharrak, jakin-goseak, jakin-egarriak, kuriositateak, kuriostasunak, ikusnahiak, ikusgurak, ikusminak, ikusmirak, jakin-nahikeriak eta jakingurakeriak sortzen dizkidaten galderek, ostegunean, 9:30etan, Eusko Legebiltzarrean egingo den elkarretaratzera hurbiltzeko eta lanuztea egiteko arrazoiak ugari direla esaten didate. Ez saldu euskal eskola publikoa!

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago