Dastamena, usaimena, ikusmena, ukimena eta entzumena; gizon-emakumeok kanpoko munduarekin ditugun bitartekariak dira 5 zentzumenak. Prozesu pertzeptibo horien bidez, inguratzen gaituena ulertu eta gure mundua osatzen duen guztiaz gozatzen dugu. Umetokian hasten da bakoitza garen hori osatzen. Burmuinak jasotzen duen zapore, usain, irudi, sentsazio eta soinu oro prozesatu, eta, estimuluak irauten duen denbora laburrean, gogoratzea edo ahaztea merezi duen erabakiko du. Bada, hil bitartean iraungo du norberaren behar, plazer, desira eta abertsioak biltzen dituen horrek. Funtsean, memoria gara.
Gizakion memoria sentsoriala magikoa da; jatorrizko estimulurik egon ez arren, oharkabeko memoria horrek denboran bidaiatu eta, gogoratzea merezi duten sentsazioak berreskuratzeko aukera ematen digu. Eta nago, Memoria Gara egitasmoaren bultzatzaileek ondo baino hobeto ezagutzen dutela zoragarritasun hori.
Bi urte eta erdi igaro dira triskantza hartako biktimen memoria eta borrokatzen zituzten baloreekin erlazionaturiko proiektuari hasiera eman zitzaionetik. Berrogeita bost pasa dira 1976. urteko martxoaren 3an, Gasteizen, erregimen frankistak bere indar polizialarekin, 5 langileren memoria sentsorialari amaiera eman zionetik. Memoria Garak ondo ekarri zuen, eta du, Marcel Prousten eleberriko adibidea. Baina tamalez, ekimenak defendatzen dituenak, gaur, inoiz baino garrantzia gehiago duela sentitzeko, ez daukagu oroimen sentsorialari erreparatu beharrik; adibidea Aiaraldean daukagu.
Zonaldea egoera kezkagarrian dago, borrokan daude Tubacex-eko eta Valvolspain-eko langileak. Ehundaka familia dira enplegu suntsiketa eta lan-baldintzak okertzea jasaten ari direnak. Asteko gertaerek gainera, nabarmendu egin dute martxoaren 3 hartan oinarri izan ziren langileen mugimendu asanblearioen premia, langileon borrokan eredugarriak izan diren orduko antolakuntza, batasuna, solidaritate eta elkartasun herrikoiaren beharra, alegia.
Ezin nik jakin horretaz jabetzeko zuk ere te goxo batean bustitako magdalena beharko duzun, nik ez ditut horretarako goizeko kafearen hondarrak irakurri behar izan. Bizi dugun pandemia egoera honek jadanik gurean genituen politika-neoliberalak areagotu dituela, eta, herriarentzat eta herritarrontzat mingotsak izango diren garaiak datozela ikusteko, nahikoa izan dut kafearekin batera irentsi ditudan eguneko albisteak.