Dantzatzeko aukera

Erabiltzailearen aurpegia Aintzane Urrutia 2020ko abe. 9a, 16:00

Arg: Aiaraldea

"Oraingoz behintzat, ez dugu bizi dugun osasun egoerara egokituriko eskola-kirola praktikan jartzeko abagune errealik izan"

Gasteiza iritsi da, Bilbora iritsi da, Sakanara iritsi da… halaxe esaten digute Gari Uriarte eta Beñat Oribe aguraindarrek beraien Dantza Gaua abestian. Hala, dantzan edo ez… iritsi zaiguna koronabirusarekin koordinaturiko urte amaiera da.

Gaur da hitzordua, gaur elkartuko da LABI Aholku Batzordea egungo neurri murriztaileen inguruan aritzeko. Besteak beste, tabernen irekiera, herrien arteko mugikortasuna edota eskola kirolaren buelta izango dituzte eztabaidagai mahai gainean, eta ondoren plazaratuko da gabonetarako Euskadin hartuko diren neurriak zehaztuko dituen dekretua. Martxotik hona Duplaren abestiarekin gorputza mugitzeko aukera gutxi izan dugu egiaz, baina halaxe dabil jendartea ordudanik; dekretu artean dantzan, alegia.

Osasuna helburu dugula, gomendio, jarraibide, murrizketa eta arau tartean mugitu gara 2020. urte honetan guztiok, baita gure haurrak eta gaztetxoak ere. Dekretua gora eta dekretua behera... errealitatea, EAEko herri eta hiri desberdinetan eskola-kirola sustatzen dugun eragileok, oraingoz behintzat, bizi dugun osasun egoerara egokituriko eskola-kirola praktikan jartzeko abagune errealik ez dugula izan da. Bitxia irizten diot dekretu horien guztien jomuga osasuna izanda, guztion onerako pentsatu eta erabakiak hartzen dituzten horiek, eskola-kirolak gure umeen osasunean duen garrantziari oraindik merezi eta behar duen tokia eman ez izana.

Eskola-kirola berak ere badauka berau arautzen duen dekretu propioa. Kirol adierazpide hori umeen heziketa integralari begira funtsezkoa dela espreski dago jasota bertan gainera. Alabaina, oinarrizkotasun hori dekretuan berariaz adierazita dagoen arren, nabarmena da guztion onerako diren erabakiak hartzen dtuztenek ez dutela eskola-kirolean horrelakorik ikusten. Izan ere Gabon garaian gaude, eta sasoi honetan... gure herrietako eta hirietako kaleak dira, gabonetako argiak piztuta, ikusgarri egiten ditugunak. Bada nago, guztiontzat litzatekeela osasuntsuagoa, argi horiek kaleak argitu ordez, erabakiguneetan daudenei argi egingo baliete. Akaso horrela, EAEko eskola-kirolak 2021ean Dupla taldearen Dantza Gaua ez ezik, Olatu Berria dantzatzeko aukera ere izatea lortuko genuke.


Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago