XXI. mendeko patrizioak?

Erabiltzailearen aurpegia Aintzane Urrutia 2020ko urr. 10a, 10:00

Arg: Euneiz

"Proiektuaren benetako helburua negozioa da, Unibertsitate Publikoaren ahultzea ekarriko duen batzuen negozioa"

Erroma patriziarrek zuzenduriko Errepublika bihurtu eta lehen mendeetan, politika erromatarrean plebeio eta patrizioen arteko borroka nagusitu zen; boterea kontrolatzen zuten aristokratak eta armadaren pisu handiena ziren eskubide politikorik gabeko plebeioak. Errepublikaren defentsan odola isuri bai, ordea, magistraturik aukeratu ez. Guk aldiz, badugu gobernatuko gaituzten horiek aukeratzeko abagunea, baina nago plebeioak ez garela Jaurlaritzaren lehentasun.

Sustatzaile nagusi Josean Querejeta duen EUNEIZunibertsitate pribatua onartzeko lege-dekretuak, izapide administratiboaren beste pausu bat gainditu zuen uztailean. Pandemiak herritarroi Publikoaren beharra eta garrantzia ondo erakutsi digun honetan, unibertsitate pribatu bati ateak irekitzeko baimena eman zitzaion; horrela, hurrengo pausua Eusko Legebiltzarrak bere aitorpena onartzea izango da.

Proiektua begi onez ikusten duenik badela ziur nago; erromatarren garaian, herri xehea zirkuaz entretenitzen zen, eta gaur ere badugu horren parekorik: futbola edo saskibaloia. Paradoxikoa ezta? Lanpostu berriak eta hiriari aberastasuna ekarriko diotela irizten dionik ere egongo da jakina, hala irakurriko baitute zenbait egunkarietan. Tamalez baina, proiektuaren benetako helburua negozioa da, Unibertsitate Publikoaren ahultzea ekarriko duen batzuen negozioa, alegia.

Halaber, gaia arautzen duen legeari erreparatuta, badira Baskonia-Alaves taldeek sustatzen duten proiektuari, Euskal Unibertsitate Sisteman lekurik ez egiteko argudioak. Hasteko, graduak bikoizten ditu; EHU eta Euskal Unibertsitate Sistemako beste unibertsitateen edota egoitza Euskadin duten beste zentro batzuen (Digipen eta Musikene) bidez asetuta dauden ikasketak eskainiko ditu. Bestalde, laneratzeari buruzko azken datuen arabera, erraz eratorri daiteke egungo lan-merkatuaren eskariari ondo erantzuten zaiola eta ondorioz ez dela behar errealik existitzen. Gainera, horri guztiari, Arabako Foru Aldundia eta Gasteizko Udalaren babesa dituela gehitu behar zaio, eta babes horren nondik norakoak zehaztasunez ezagutzen ez diren arren, plebeioa naizen aldetik, bereziki kezkagarria deritzot erakunde publikoek irabazi asmoa duen erakunde pribatu bati zuzeneko babesa ematea.

Laister eman beharko dute beraien oniritzia (edo ez) legebiltzarkideek, eta orduan ikusiko da, legebiltzarrean ondo aukeratutako magistratuak ditugun ala, ezkerrez mozorrotuta edo mozorrorik gabe, guztiak XXI. mendeko patrizioak diren.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago