Oporrak… garai atsegina guztiontzat. Atsedenaldi sasoia. Agintari moduan erlojua eta betebeharrak dituen egunerokotasunetik ihes egiteko aukera. Hemen eta orain egoteko abagunea. Parada hori aprobetxatzeko baina, beharrezkoa dugu horretaz jabetzea.
Betiko itzulera deritzona, lehen aldiz estoizismoak aldarrikatu zuen denboraren kontzepzio filosofikoa da. Munduaren errepikapena planteatzen du; gertakari guztiak berdin errepikatzeko helburuarekin iraungi eta berriro sortuko den mundua, alegia. Filosofia orientalak ere gertakari zikliko moduan ikusten du izatea. Alabaina, pentsamendu honen arabera, betiko itzulera horrek unibertsoaren perfekziora gerturatuko gaitu. Ekintza, une eta gertaera bakoitza betiko errepikatu dira bai, baina berrabiaratze bakoitzean, hobeezintasunaren bidean aurreko jazoerak orraztu, leundu edota hobetu egingo dira.
Oporrak denbora edo aldi konkretua dira guztion bizitzetan, eta nolabait ziklikoa hau ere, urtero errepikatzen baitira. Batzuek, estoizismoari jarraiki, opor aldia beti berdin errepikatzeko hautua egiten dute. Beste batzuek aldiz, pentsamendu orientalak defendatzen duen hobetzeko helburuari helduz, urtero plan ezberdinak gauzatzen dituzte. Modu ezberdinean baina denok, beti aurreikusita eta planifikatuta. Eta nago... aurtengoa guztiontzat izango dela ezberdina.
Bada, larunbateko gau giroa aprobetxatuz egin nuen ibilalditxoan… aspaldi ikusten ez nituen eta horren magikoak iruditzen zaizkidan hainbat ipurtargi ikusi nituen, une batez haurtzarora bueltatu ninduten xomorroek. Hemen eta orain bizi eta sentitzeko gai nintzen garaira bidaiatu nuen supituki. Horrela, beraien argi txiki horrek egunerokotasunetik ateratzeko daukadan beharra agerian utzi zuten, presa eta betebeharrak alde batera utzi eta garrantzitsua denaz jabetzeko premia bistaratu zuten.
Jabetu, zein hitz esanguratsua eta ederra; kontziente izateak ematen duen boterea. Horrenbestez, izan zu ere boteretsu eta benetako beharren kontziente irakurle. Covid-ak egungo bizimoldeak aldatu eta orain arteko planak hankaz gora jarri baldin badizkizu ere, gogoratu orientalen pentsaera eta aprobetxatu berrabiaratzea garrantzitsua denaz jabetzeko, baliatu behingoz kontzienteki bizi eta sentitzeko, eta gozatu benetan oporrak, zuk ere merezi dituzu eta!