Existitu

Erabiltzailearen aurpegia Aintzane Urrutia 2020ko urt. 10a, 11:04

"Beldurrak ekartzen digu ez ondo eta ez gaizki bizitzea, hots, hainbestean bizitzea"

Ohitura dugun Errege Kabalgadari XIX. mendean eman zitzaion hasiera, 1866. urtean ospatu zen lehendabiziko aldiz Alcoyn, eta gaur egun, Euskal Herriko hiri, herri, txoko eta etxe askotara iristen den usadioa dugu; neure etxean ere amamarenera iristen dira oraindik errege magoak.

Ebanjelio kanoniko bakarrean aipatzen diren magoen festa ospatzearekin batera, urte berriarekin, indibidualki jadanik ezarrita ditugun aztura eta ezartzen ditugun asmo berri onak ere ugari izaten dira: urtea mendi tontorrean hasi edo amaitzea, ikasketa berriren batekin hastea, kirol gehiago praktikatzea, erretzeari uztea, dieta osasuntsuagoa eramatea… pertsonak adina ohitura dira, eta nik ere badut nirea: urteari nolabaiteko errepasoa eman eta balantzan jartzea eta halaxe egin dut aurtengoan ere.

Berezia, ezberdina, apartekoa, bestelakoa eta dudaz josiriko urtea izan da azken hau niretzat. Guztioi gertatzen zaigun modu berean, momentu onak eta ez horren onak aurkitu ditut bidean, hala ere baina, urteko balantzea positiboa da. Urtebete da nire lehengo bizitzari agur esatea erabaki eta beste era batetara aurrera egitea erabaki nuela. Horrela, une latz, mingarri eta zailei egin behar izan diet so, baina nire berrogeigarren urteurrena izan den honetan, bizitzarako garrantzitsua dela uste dudan eta zurekin partekatu nahi dudan irakasgaia ikasi dut; beldurrak ekartzen digula ez ondo eta ez gaizki bizitzea, hots, hainbestean bizitzea.

Hainbestean bizi, automata baten antzera bizi, edo nire aitari askotan entzun izan nion moduan… bizi etzakixat, baina existiu itten gaittuk motel. Makina bat aldiz entzun nuen aita erantzun hori ematen, baina mezua ez dut orain arte ulertu. Beldurra da askatasuna urritzen diguna, beldurra da konformista bihurtzen gaituena, beldurra da mundua ikuspegi bakarretik begiratzera garamatzana, eta horrek guztiak asebeterik sentiarazten gaitu, isilik mantentzen gaitu, geldirik mantentzen gaitu. Itsasontziak ere portuan daude seguruen, baina ez ziren horretarako eraikiak izan eta horiek bezalaxe, zu ere irakurle, bizitzeko etorri zara mundu honetara, ez existitzeko bakarrik. Horrenbestez, sinistu ezazu beti zugan, izan konfiantza zure buruan eta zure ametsak zure beldurrak baino handiagoak izan daitezen egin ezazu; alegia, bizi zaitez eta ez existitu!

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago