Euskararen kupoa

Erabiltzailearen aurpegia Aintzane Urrutia 2019ko ira. 13a, 10:33

"Hausnarketa sakona egin eta erabaki ausartak hartzeko garaia badela uste dut".

Oraindik, oporren biharamuna gainean daukagu, baina eman diogu hasiera jada ikasturte berriari. Aurtengoan gainera, hezkuntza-programa berriak jarri dituzte abian Samaniego IPI, Angel Ganivet-Santa Luzia eta Barrutia ikastetxeetan: Eusle eta Magnet-Erakarri. Helburua, euskararen erabilera sustatzearekin batera, ikastetxe horiek erakargarriago egitea da. Euskara erakargarria baita.

Magnet-Erakarri EEBBetako Magnet Schools eta Kataluniako Magnet programetan oinarritzen da. EAEko instituzio eta gizarte dibertsitate altua daukaten hezkuntza zentroen arteko aliantza estrategikoak bultzatu eta sortzea dira duen xedea, euskara puntu estrategikoetako bat izanik. Euskara erakargarria eta estrategikoa da.  

Gasteiz Hoy komunikabidean argitaratutakoaren arabera, Angel Ganivet eta Samaniego ikastetxeetako ikasleen %83aren gurasoetako bat gutxienez atzerrikoa da. Segregazioa askotan salatu du Gasteizko Euskal Eskola Publikoaren Aldeko Plataformak, orain gutxi adibidez, hiriko hamar eskola publikoetako ikasleen %70aren gurasoetako bat behintzat atzerritarra zela ohartarazi zuen, aldiz, %20ra jaisten da zifra hori itundutako ikastetxeetan. Nabarmena da aldea, nabarmena da erakargarria zer ez den. 

Segregazioaren arazoa ezaguna da Gasteizen, eta horri aurre egiteko, besteak beste, matrikulaziorako udal-bulegoak sortzea eta diru publikoz finantzatutako zentro guztietan benetako dohaintza bermatzea proposatzen du plataformak. Hots, legeak dioena bete eta orain arteko hezkuntza-itun politikei behin betiko amaiera ematea. Itun horiek zentroari dagokion inguruko gizarte-errealitateari ematen dion irteerari lotuz eta ez laguntza eskatzen duen ikastetxe pribatu orori baiezkoa emanez.

Euskara erakargarria da bai, baina erakarpen hori lortzeko ezinbestekoa da ezagutzea. Eta euskara ezagutzera emateko, gurea sentitzen dugunok besteei eskaini eta erakusteko prest behar dugu egon; euskara eman egin behar dugu. Hizkuntzak hurkoarekin ditugun harremanak gidatzen dizkigu, besteekin komunikatzea bideratzen digu. Bada, horiek arrakastaz aurrera eramateko besteekin harremantzea beharrezkoa dugu, ez daukatenek hartu eta daukagunok eman. Eta nago, segregazioak ez duela bide horretan laguntzen.

Iraila aldaketa garaia izaten da, eta ohikoa da proiektu berriak abian jartzea. Tamalez baina, proiektu horiek euskara erakusleihoan nolabaiteko kupoa betetzen bakarrik jartzen dutela iruditzen zait, arazoari errotik heltzen ez zaiolaren itxura hartzen diot. Horrexegatik, euskara erakustokitik haratago jartzeko boterea daukatenek hausnarketa sakona egin eta erabaki ausartak hartzeko garaia badutela uste dut. Geure altxorra dugu Euskara eta ez luke derrigorreko kupoa bakarrik bete beharko, bere balioa eta balorea onartu egin behar zaizkio, eskenatokian dagokion tokia eman behar zaio. Aktorea, emakumea eta euskalduna den lagun on batek dioen moduan: kupoa betetzeko balio arren, onak ere badirela konturatzeko garaia da! Euskara erakargarria izateaz gain, ona ere bada eta!

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago