Hego Amerikako herri amerindiarrek, roro hitzarekin izendatzen zituzten gizon-emakumeek ahoskaturikoa errepikatzeko abilezia zuten kolore askotariko hegaztiak. Errepikatu bai, baina esan… Mende batzuk geroago, Paul Valery idazleak ere animalia horiengan erreparatuko zuen, horrenbeste errepikatzearen ondorioz beraien benetako esanahia eta izaera galtzen dituzten berbak deskribatzeko hitz loro adiera aukeratu zuenean. Eta nago, Berdintasuna hitzari ere horixe gerta dakiokela. Modan dago bai, baina ahuldu, akitu, ahitu edo kankindu egingo den beldur naiz.
Emakumeak berba loroak gara gizarte honetan, horrenbeste erabiliaz geure izaera eta esanahia desagertu zaizkigu, pertsona izatea galdu dugu. Sexua pertsona guztiok daukagun oinarrizko beharra da, eta horretaz gozatzea ere galarazita daukagu. Barbara Miller, haratago doa, sexua emakumeak kontrolatzeko tresna gisa aurkezten du Placer femenino lanean. Bertan, 5 historia, 5 emakume, 5 kultura eta 5 herrialde ezberdin ditugu baina istorioa bakarra: sexua eta emakumearen kontrola.
Duela 5 urtekoak dira Iveco-ko langilearen irudiak ere, eta gertatutakoaren irakurketarik errazena heriotza eragin diona orain 5 urteko hura izan dela pentsatzea da. Alabaina, bestelakoa dut iritzia. Gaurko jendartea izan baita albo batera utzi duena, gu guztiok osatzen dugun gizarte hau izan baita babesik eman ez diona. Edozeinek beharko luke bere plazerrerako sexuaz baliatzeko eskubidea, izan emakumea edo gizona. Baina, emakumearen sexualitatea eta plazerra ez ditugu oraindik ere lotzen, eta kasu askotan, betebeharra da gainera. Denok dakigu gizonekiko pornomendekurik ez dela existitzen. Zergatik? Erraza, gizarteak gizona babestu egiten duelako. Gaur egun eta oraindik, desberdin ikusten eta tratatzen gaituelako.
Berdintasunean oinarritzen den gizarteak babesa eskaintzen du, eta horixe da falta izan zaiona: besteon babesa, berdinen babesa, jendartearen babesa. Boladan dago Berdintasuna, alde guztietan dago, nonahi eta noiznahi, baina asko daukagu desikasteko eta ikasteko oraindik. Eta horretarako biderik onena praktika da, praktikatu dezagun beraz denok berdintasuna, ez dezagun hitzak bere izaera eta esanahia gal ditzan utzi, ez dezagun berdintasuna berba loro bilakatu!