'Beldurra'

Erabiltzailearen aurpegia Aintzane Urrutia 2019ko mar. 22a, 10:57

"Hemendik gutxira itsasoratuko gara 'Heriotza' izena daraman txalupa honetan".

Abiatze momenturako gutxiago falta da, gutxiago… Zenbat diren kontatu ez ditudan beste lagunekin batera, zulo txiki eta zikin honetan izkutatuta, irrikaz itxaroten dugun hori lortzeko momentua.

Askatasun momentua, aukeratu ez dugun mundu honetatik ihes egiteko momentua, txikitandik ezagutu ditugun gose eta miserietatik hanka egiteko momentua.

Zertan ibiliko ote da momentu honetan aita…

Ama, ziurrenik, nire anaia gazteei errietan arituko zatzaie, atzo, kontrabando eta borondate oneko turistaren batek emandako limosnarekin lortu zuen jatekoa janarazi nahian.

Ez nuen nire arraza aukeratu, ezta nire ikurriña ere, ezta nire pobrezia eta zoritxarra. Nork daki guzti hau Jainko batek aukeraturik jaso dugun edo patua izan den, edota… zoritxarreko deskuidua besterik ez.

Beldur naiz, beldurra daukat, beldur handia… denok daukagu beldurra baina ez dugu erakutsi nahi. Burumakur eta pentsakor, orduei aurrera egiten uzten diegu. Badirudi, baina, denbora adarra jotzen hasi zaigula, ez duela aurrera egiten.

Ordu batzuk barru ez naiz gehiago Hayat izango, zenbaki bat izango naiz; eta nire izen berria, PAPERIK GABEKOA.

Ordua da, azkar, azkar… arnasa hartzeari ere beldurra diogula… bagoaz! Ez dut inoiz horrenbeste beldur sentitu baina… egin BEHARRA daukat! Nire aitagatik, ahora eramatekoa izan genezan lanean buru-belarri jarduten zelako! Nire amagatik, jasandako sufrimendu eta isuritako malkoengatik. Nire arreba Fatimagatik, ikasi nahi duelako! Eta Hasan txikiarengatik, bere haur-inozentziak etorkizun hobea merezi duelako!

Hemendik gutxira itsasoratuko gara HERIOTZA izena daraman txalupa honetan, nolako ironia, heriotzak bizitza berri batetara garamatza. Nik ITXAROPENA deritzot.

Bada, hartu dugu paturanzko norabidea, itxaropenerantz, gure ametsetarantz, zalantzaz beteriko etorkizunerantz. Orduak daramatzagu heriotz txalupa honetan pilaturik eta ez dakit helburura iritsiko naizen. Baliteke nire patuak itsasoaren hondora eramatea, baina saiatu ostean izango da. Saiakeran hiltzen banaiz, nere indar guztiekin saiatu ostean izango da, mundu infinitu honetan lur zati pusketa bat bilatu izan ostean izango da, nire oinak kokatu eta sustraitzeko saiakera egin ostean izango da. Niretzat eta nire ingurukoentzat, etorkizun hobeago bat bilatu nahian izango da!

Aita, ama… maite zaituztet! Egin nigatik otoitz! Nire askatasuna zuen etorkizuna da!

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago