Oreka

Erabiltzailearen aurpegia Aintzane Urrutia 2019ko urt. 31a, 10:49

"Haurrak zaintzera dedikatuko den gurasoa ama izango dela errotuta dago gizartean"

Edertasuna subjektiboa da; ezaugarri desberdinek sortarazten dizkigute bakoitzari ongizate, transzendentzia edota gozamena. Sentipen hori, norberaren pertzepzio eta sentipenei loturik dago, baita kultura eta pentsamoldeei ere. Subjektiboa da, bai, baina denok aurkitzen dugu harmonia edo oreka eder. Ederra da oreka.

Emakumea, langilea eta ama naiz, edo… ama, emakumea eta langilea. Gaur egun daramagun bizimoduarekin, bizitza pertsonala, familia eta lana uztartzea zaila da oso, are gehiago kontziliaziorako aukerekpoltsikoa ukitzen badizute,ondobizi nahi duzu eta hori lortu nahian… ondo-tik hondora egin duzu. Oreka galdu duzu. 

Bada, haurren zaintzara dedikatuko den gurasoa ama izango dela errotuta dago gizartean, hori da erakutsi eta ikusten duguna. Aldiz, erantzukizun hori hartzen duen aitak justifikatu eta argudiatu egin behar du bere erabakia. Itziar Alonso-Arbiol-ek, Amatasuna eta aitatasuna, proposamen berriak (2006,UEU) liburuaren egileak, haurren zaintzara dedikatzen den aitak jendartearen begietara ukitu positiboa badaukala dio; aita jatorra da. Baina egunerokoan, eta batez ere lan-merkatuari lotuta, haurrak zaintzeko lana uztea ez da serioa, ez zaio balio positiborik aurkitzen. Etorkizunerako proiektuak dituen gizonak ibilbide profesionalean etenaldia egitea ez da batere erraz ulertzen; haurren zaintza oztopoa da eta ez dator bat bere rolarekin. Oreka falta dugu.

Desoreka horrekin amaitzeko aurrerapauso garrantzitsua izan daitekeena eman du astean Jaurlaritzak. Euskal Enplegu Publikoaren Lege-Proiektua onetsi du, non, orain arteko amatasun eta aitatasun baimenak, luzera berbera duten gurasotasun baimenengatik ordezkatzen diren. Ama eta aita orekan.

Horrenbestez, Jaurlaritzak ekin dio Europatik datorren zuzentaraua betetzeko asmoari, eta lege-proiektuan 10 asteko derrigortasunaren inguruan ezer esaten ez den arren, positiboa da, baina motz geratzen da. Izan ere, derrigortasunik ez dagoen bitartean ez dugu aita-ama dikotomia ezabatuko eta berdintasunaren bidean ezinbestekoa dugu hori lortzea. Jendartea guztiok gara, denok gara horren erantzule nolabait, baita zu ere. Beraz, egin iezadazu mesede bat: hurrengo aita zaintzailearekin topo egiten duzunean, ez iezaiozu bere erabakiaren zergatia galdetu eta lortu dezagun denon artean zaintza orekatua izatea, egin dezagun zaintza ederra izatea!

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago