Gaur inauguratu dugu ikasturtea gurean, eta aurreko urteko ohitura jarraituz, Glaukoma taldearen Gure kaiola entzunaz egin dugu eskolarako bidea. Tradizio bilakatzen ari da etxean, eguneroko joan-etorria, kanta hori entzunaz egitea; izan ere, Aretz eta Adeiek oso gustuko dute abestia. Eta... nork ez du gogoko ze guapa zauden, ze guapo zauden hori entzutea?
Tradizioak aurretik jasotakoari egiten dio erreferentzia, gure arbasoek landu eta beraiengandik jasotzen dugunari: ezaupideek, bizipenek, sinesmenek, arauek… horiek guztiek osatzen dute gure tradizioa. Usadio horiek prozesu historiko baten emaitza dira, aurreko belaunaldikoek mundua ulertzeko moduak helarazten dizkiete ondorengoei, eta, horrekin batera, boterea eta aukerak ere bai.
Euskal Herrian ere badakigu tradizioen inguruan, eta Hondarribiko Alardea dugu adibide bat. Bertako irudi ugari ikusi ditut azken astean, eta, jai-giroa, gozamena eta alaitasuna sortarazi ordez, pena, mina, amorrua, atsekabea eta tristura ekarri didate. Emakumea naiz eta plastiko beltz horien atzean zeuden gehienak ere bai, eta asko, gazteak gainera. Bada, zein da neska horiek alarde parekidea erabat ukatzeko, mespretxatzeko eta baztertzeko daukaten arrazoia?
Margaret Bullet antropologoak gizonen eta emakumeen bizitza eta harremanak baldintzatuta daudela dio. Etengabe esaten digute nolakoak izan behar garen; egunerokoan: janzkera, jarrera, rola…, eta plano sinbolikoan: ideiak, baloreak, ideologiak… Halaber, benetako aldaketa gauzatzeko bi alorrak aldatu behar dira. Baina, euskaldunon artean pisu haundia daukate baldintzatzen gaituzten entitate ez formalek (familia, lagunak, kuadrilla), eta nago, horren ondorioz dela Alardearen kasuan plano sinbolikoan oraindik aldaketarik gertatu ez izana.
Ez, ez naiz onyarbiarra. Nire etxean ez naute kantinera izateko prestatu, ez daukat rol hori betetzeko desiorik. Baina, tradizioaz badakien herrian bizi naiz. Oñatin, jainkoa eta lege zaharrek agintzen dute eta egunero esaten didate nolakoa izan behar naizen. Baina zorionez, norberaren esku dago horiek guztiak onartzea eta jarraitzea edota ondorengoei ausartak izaten erakutsi eta jendarte eta tradizioak aldatzen saiatzea. Horrexegatik, Eric Hobsbwm-ek aspaldi tradizioak asmatuak direla esan zuen modura, nik, gaur, honakoa esan nahi dizut zuri irakurle: ze guapa zauden ausarta izaten, ze guapa zauden mundu hau aldatzen, ze guapa zauden zure rola zalantzan jartzen, ze guapa zauden…