Amaiera desberdinak

Erabiltzailearen aurpegia Aintzane Urrutia 2018ko eka. 29a, 11:25

"Bat-batean nire gorputzetik at nago. Begietan amorrua eta ezintasunaren malkoak dira...".

Amaiera momentua iristeko gutxiago falta da, gutxiago… 

Beldur naiz, beldurra daukat, beldur handia sentitzen dut eta hortik ihes egitea erabaki du nire garunak. Daukadan bizi-senak galdetu gabe egin du aukeraketa. Bizirautea erabaki du eta hautatu du jada horretarako estrategia. 

Bat-batean, nire gorputzetik at nago. Nire begietan amorrua eta ezintasunaren malkoak ageri dira, baina nik ez dut minik sentitzen, ez dut plazerrik sentitzen… ez dut ezer sentitzen. Nire burmuinak zirkuitu-laburra sortu du ni babesteko eta ez dut jasaten ari naizena nire sentitzen. 

Bukaera, amaiera, akabera… ez darabilt besterik buruan.

Irrikaz itxaroten dut lipar hori. Onartu ez dudan arren, botere posizio batetatik, inposatua izan zaidan egoeratik ateratzeko une hori da desio dudana. Askatasun momentua, lasaitasun momentua. Berriro nire gorputzera bueltatu eta neure burua salbu ikusiko dudan momentua, alegia. Bizirik jarraitzen dudala baieztatzen dudan momentua. 

Noiz iritsiko da bukaera? Nolakoa izango da amaiera? Zer nolakoa izango da niretzat amesgaitz honen akabera? Eta galdera horien erantzuna bilatu nahian… supituki, esnatu egin naiz. 

Siderazio izenarekin ezagutzen den defentsa mekanismoa da nire lokamutsean deskribaturikoa; medikuntzaren munduan aski ezaguna, baina gizartean ezezaguna. Horrexegatik, bortxaketa jasan ostean, salatzera ausartzen diren biktimak konprenitzea zaila egiten zaio jendarteari.

Bada, gai horrek garrantzia nabarmena dauka alor judizialean. Frantziako Magistratura Eskola Nazionalak adibidez, 2013. urtetik, fenomeno horren inguruko formakuntza saioa eskaintzen du. Eta, programaren koordinatzailea den Begon-Bordreuil-en esanetan, epaile askok formakuntza ondoren hartzen duten jarrera, guztiz ezberdina izaten da. 

Boterean daudenek Frantziako eredua jarraitzeko hautua egin izan balute ere, joan den astean, Asparrenean, aurkitu zuten Sophia Lösche-k bizi izan zuen amesgaitzak amaiera berbera izango zuen; egiteko asko baitago oraindik. Baina nago, La Manada auziaren ibilbidea eta horrek ezarriko duen jarraibidea ezberdina litzakeela. Amaiera ezberdinak lortzeko, eredua da irakasgai eraginkorrena eta aldatzeko inoiz ez da berandu.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago