Gaur, 72 urte beteko lituzke aitak. Tamalez, bera zoriondu ezinik pasako dudan 11. urtemuga da aurtengoa. Bada, Steilasek asteburuan ospatu duen kongresua ere, XI.a izan da, eta bertan izan naiz.
Steilaskidea naiz eta harrotasunez diot. Izan ere, gero eta indibidualagoa den jendartean bizi gara eta ez da erraza aitarengandik jaso nituen bizi-balio berberak dituzten pertsonak aurkitzea, eta, horixe aurkitu dut nik Steilasen: etxean sentitzen naiz, aitarekin.
Egungo politika neoliberalek lanaren prekarizazioa eta erosteko ahalmenaren jaitsiera ekarri dituzte, eta ondorioz gutxiago erostea. Baina, Ibon Aranberrik Berriako iritzi-artikulu batean esan zuen moduan, binomio perfektua aurkitu diote eskaera jaitsiera horri soluzioa emateko: low cost unibertsoa eta kreditu-sistema. Gainera, OCDEko herrialdeek, ongizate-sistema ziurtatzeko, zorra bihurtu dute finantziazio-bide nagusi zergak izan ordez, eta benetako agintari banketxe handiak bihurtu dira.
Lehentasun guztia merkatuan ezarriz, kapitalismoak kapitala metatzeko beharrezkoak dituen zirkuituak bermatzeko erantzukizun kolektiboa garatzea lortu du, baina bizitza bermatzeko erantzukizun kolektiboa da behar duguna. Europako Batasunak austerizidak diren politikak aplikatu ditu, edo, Amaia Perez Orozco ekonomialariak deritzon moduan, politika biozidak; bizitzaren aurka egiten baitute. Horrela, indibidualismorantz doan Europa liberal eta antisoziala eraiki da, kapital-bizitza gatazka sortuz. Eta, hori gainditzeko tresna Ongizate Estatua da: kapitala metatzearen logikari muga ezarriz (pribatizatu daitekeena mugatuz), merkatu kapitalistak eginiko kapitalaren banaketa primarioa birbanatuz (gutxien jaso duenari bueltatuz) eta ongizatearen zenbait dimentsioren (osasuna, hezkuntza, pentsioak) gaineko erantzukizuna bere eginez. Hots, publikoa defendatuz.
Tony Judt historiagileak Zerbait gaizki doa lanean zioenez, Ongizate Estatua eraiki duena sozialdemokrazia izan da. Sozialdemokraziaren antz handia izan du Europak, eta munduari Ongizate Estatua eman dio. Beraz, munduari dagokio horri uko ez egitea, munduari dagokigu ostiraleko mobilizazioetan parte hartzea, guztioi baitagokigu denona eta denentzat, euskal eskola publikoa defendatzea! Steilasek 40 urtez egin duen modura. Aitak erakutsi zidan modura.