Maitemina, maitatzea edota maitatua izatea, norbaitenganako aparteko maitasun-zirrara sentitzea edo sentiaraztea da. Erraza eta konplikatua da maitemintzea, baina hala ere, batzuetan gertatzen den fenomenoa da.
Ez dakit zein olerkirekin hasi nintzen zu sentitzen, ez dakit noiz begiratu nizun begietara, ez dakit eguna edo gaua zen, baina… ordudanik naukazu maiteminduta. Zutaz gehiago jakin nahi dut, zure bitxikeria eta berezitasunak ulertu nahi ditut, sentitu, zaindu eta babestu nahi zaitut…
Ostera, badira zurekiko sentipen hori oso bestelakoa dutenak ere, eta azken astean agerian geratu da Itzulia Basque Country proban. Juan Carlos Moreno Cabrera filologo eta hizkuntzalariaren esanetan, ingelesezko ereduak espainolismoaren Troiako zaldiak dira. Vitoria, Elgueta eta Igueldo bai, baina Gasteiz, Elgeta eta Igeldo ezagutzen ez dituen proban, gaztelaniaren inposaketa eta ingelesaren beharra nabaritu dira. Eta, espainolismo linguistiko modu hori, “hizkuntza inperialismo” barruan kokatzen du Madrilgo Unibertsitate Autonomoko katedradunak. Espainiako hizkuntzarik politizatuena gaztelania den arren, identitatea eraiki nahi izatea, soilik hizkuntza gutxituei leporatzen zaien ezaugarria da. Kausa edo kasualitatez itzulipurdiaren babesleetan erreparatu zenuten?
Horiek horrela, antolatzaileek euskarari eginiko mespretxua ez zen oharkabean pasatu, eta kritika ugari jaso ditu Itzuliak sarean: "Izena aldatzearekin hasi eta izana aldatu duen itxulipurdia" bezalako esaldiak edota euskararekiko errespetuA eskatzen zuten txioak makinatxo bat izan dira Twitterren. Baina badira, txiolandian zarata gutxiagorekin pasa arren, maitemin honetan mina eragiten didaten beste jarrera batzuk ere. Arabako Foru Aldundiak publizitatean gastatzen duen dirua, adibidez. Hala Bedik emandako datuen arabera, euskarazko komunikabideek gastuaren %7,4a bakarrik jasotzen dute. Araban garaiak aldatu dira bai, hedabide euskaldun gehiago eta euskaldunen kopurua %25ean dago jada, baina, diruaren banaketa betikoa da oraindik, tamalez.