Martxoak 3, 42.urteurrena

Distopian

Erabiltzailearen aurpegia Aintzane Urrutia 2018ko mar. 3a, 13:27

"Azken egunetako hainbat berri gogoratzean, matxinada egin ez izana nola den posible galdetzen diot nire buruari".

1976ko martxoaren 3a, Zaramagako San Frantzisko parrokia:15 minutu, 5 hildako eta 60 zauritu larri, hori izan zen estatuaren errepresioaren emaitza. Hirugarren aldarrikapen eguna zen eta jende ugari batu zen; langileen %80ak egin zuen bat protestarekin, eta, horiekin batera, ikasleak, irakasleak, etxekoandreak… Gasteiz OSOA atera zen kalera! Batera, elkartasunez, kidetasunez, laguntasunez, borondatez… 

Sarraskiaren urteurrena eta azken egunetako hainbat berri gogoratzean, jendarteak matxinada egin ez izana nola den posible galdetzen diot neure buruari. Izan ere, azken 3 gertaera hauei – Galiziako narkotrafikoaren inguruko liburuaren bahiketa, preso politikoak azaltzen ziren artelanaren zentsura eta Auzitegi Gorenak Valtonyc raperoaren zigorra berrestea – aspalditik jazotzen ari diren beste hainbat batu behar zaizkie: ustelkeria kasuak, bankaren erreskatea, lan-erreforma, 135. artikulua, Egunkariaren itxiera, El Jueves-eko azala, mozal legea, txiolariak, titiriteroak, monarkiaren 50 milioiak, Botsuana eta elenfanteak, pentsionistak,  poliziaren jipoiak…

Bada, erlazionatzeko 2.0 bertsioan hurkoa urrutiago sentitzen dugula iruditzen zait, ezberdina, alegia. Gainera, sentimentuak adierazteko modua ere aldatzen ari da, eta horrek, enpatia galtzea dakarkigula ikusten dut. Nolabait, Huxley-k Bai mundu berria lanean aurkezturiko distopian bizi gara: hiperestimulatuta. Gainera, kolapsatuta gaude, kinada gehiegi jasotzen ditugu, eta horrek, larriak diren beste gertaerak izkutatu egiten ditu. Halaber, baten bat desbideratu, egun daukagun soma  ez hartzea erabaki, eta, besteei jakinarazteko AHOTSA altxatzen badu… orduan, Orwell-ek 1984 eleberrian deskribatu zuen munduan sartzen gara: manipulatu, zentsuratu, erreprimitu eta beldurtu egiten duen (gaituen) distopian, alegia.

Horrenbestez, izan zuretzat distopia hori fikzioa edo errealitatea… esnatu zaitez eta defendatu ahaideek zuretzat lorturiko eskubideak. Elkartu ditzagun indarrak arbasoek irabazi zutena babesteko; hots, beharrezkoa den pentsamendu kritikoa sortu eta gizartea,  guretzat eta ondorengoentzat, hobetzeko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago