Honako izenburua zeraman berria irakurri dut gaur Interneten: “Ingresada por indigestión tras realizar un bukake interracial” eta egia esan, ez dakit, harritu, larritu edo penatu egin nauen albisteak; zaila zait deskribatzea. Frantzian ere, You Porn belaunaldia: mitoa ala errealitatea? izeneko txostena argitaratzean, mintzagai izan ziren sexuaren hutsaltzea, Internetekin jaio eta hazi den belaunaldiaren hipersexualizazioa, emakumeak objektutzat dituen eredua hedatzea...
Horiek guztiak, eta gehiago, egotzi zaizkio gero eta eskurago daukagun pornografiari. Olatz Berastegi sexologoaren esanetan, gazteen sexu garapenean eragin handia dute Internet eta zinema mota horrek. Izan ere, txikitandik dugu eskura: sarera konektaturiko gailuz inguraturik gaude eta ohikoa da irudi esplizituak erakusten dizkiguten pop-up iragarkiak azaltzea. Erika Lust zinemagile suediarrak 9 urtetan ezartzen du pornoarekin dugun lehen kontaktua. Zer pentsatuko du adin horretako umeak “Mamás dispuestas a follar en su barrio” irakurtzean? Akaso, ez da positiboa mezu hori era egokian interpretatzeko tresnak lortzea?
Horrenbestez, abenduan, guraso-talde erlijioso baten salaketa mehatxuek ateak ixtera behartu zuten Porno Eskola aberasgarria zen. Jon, Iratxe eta Endika Gil anaia-arreben helburua, klik bakarrera dugun porno konbentzional matxista, biolento eta transfoboa, beharrezkoa den feminismoaren ikuspuntutik aztertu, eta bertatik, ikastea zen. Egungo heziketa sexuala prebentziora mugatzen da, eta beharrezkoa den arren, harreman sexualak hori baino askoz gehiago dira.
Beraz, arestian aipaturiko titularra, antzekoak edo okerragoak ikusi nahi ez badituzu, begiak ireki, tabuak eta mamuak alde batera utzi, eta erlijio eta elizak duen botereari aurre egin behar diozu. Hots, Haziak proiektutik jaio zen Porno Eskola moduko ekimenei, ateak ireki egin behar dizkiegu eta ez kontrakoa!