Gabonak gau onak, eguberriak egun berriak

Erabiltzailearen aurpegia Aintzane Urrutia 2017ko abe. 13a, 15:48
Zumarragako Santalutzi azoka

"Egin diezaiogun uko erloju eta agendaren gatibu izateari".

Askotan gogoratzen dut aittaitta Benigno Zumarragako feriara joatean amama Presenek nola esaten zuen: “Santalutzi: gaba moztu eta eguna hazi”. Santalutzik gabonak ate joka genituela adierazten zigun, eta garai haietan, oraindik, gustuko nituen gabonak! Izan ere…

Gabonak… oporrak ziren!

Gabonak… elurra ziren!

Gabonak… gabon-gaua lehengusinekin lotan pasatzea ziren!

Gabonak… tio Mieleri inuxentada hoberena nork egin ziren!

Gabonak… Elorrixan urte-zahar gaua ordu txikiak arte kontu kontari igarotzea ziren!

Gabonak… errege bezperan, zapatak garbitu eta, nire kasuan, Baltasarrek zer ekarriko asmatzea ziren!

Gabonak… gaztainak eta roskoa jatea ziren!

Gabonak… danbolinari eragitea ziren!

Gabonak… GAU ONAK ziren!

Aspaldi da danbolinari eragin ez diodala. Egun berri hauetan danbolinak ez baititu gurean gau onak ziren garaietan adina buelta ematen. Gainera, aitortu beharra daukat, nik neuk ere, amama Amparo bizi dudan arren, aspaldi utzi niola bisitan joateko legezko baserri buelta emateari!

Danbolina eta nik ez-bezala, bueltak emateari utzi ez diona gure planeta dugu, Lurra. Bere errotazio eta translazio mugimenduekin jarraitu du, etengabe, gira eta bira, eta jarraituko du, egunak eta urteak igaroz, gau onak egun berri bilakatuz.

Aste honetan, Santalutzi ospatu dugu, eta nik ez daukat ez amama Presen ezta aittaitta Benignorik ere jada! Eta… ez dira falta ditudan bakarrak! Aita ere, falta dut azken hamar urte hauetan! Eta aittaitta Hilario zena ere, duela bost joan zitzaigun! Gogoan ditut denak, gogoan, bai, baina ez alboan!

Ezinezkoa dugu bihar zein izango dugun alboan eta zein gogoan jakitea. Egin diezaiogun uko, beraz, erloju eta agendaren gatibu izateari eta igaro dezagun maite ditugun horiekin kalitatezko denbora gehiago, egin ditzagun urteko 365 egunak, GAU ON, bizi ditzagun hemendik aurrerako EGUN BERRI guztiak GAU ON baliran! Eta ez ahaztu, gaur alboan duzun hori, bihar gogoan bakarrik izan dezakezu! Nik gaur bertan bisitatuko dut amama!

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide