Urria amaitu zaigu eta ohitura jarraituz, asteburuan, erlojuak ordubete atzeratu genituen ordutegi berriari ongietorria emateko. Udazkenero atzerantz egiten dute ordulariek, eta udaberrian, ostera, 60 minutu lapurtuko dizkiegu ordubete hori berdintzeko asmoz.
Denboran atzerantz eta aurrerantz egiten dugu, urtero, berdinketa markatuz. Hala ere, badira, noizbait, berdinketa hori lortu ez izanaren itxura hartzea sortarazten dizkidaten istorioak; atzerantz egitea tokatzen zen horietako batean, begizta batean sartu, eta horrek, denboran eta historian zehar atzerantz egitea eragin, hots, berdinketa hautsi.
Bada, Alfredo Remirez amurrioarraren kasua da denbora-haustura hori hor dagoela adierazten didanetako bat. Izan ere, gazte arabarra larunbat honetan espetxeratuko dute dispertsio politika salatzeko ekintza bat egiteagatik; panpin bat eskuan, sakabanaketa modu baketsuan salatzeagatik. Adierazpen askatasuna omen dugu, baina @erreharriaren gertakariak aztertu eta berak dioena ekarriz, "500-eko billeteen antzera, argi dago Espainian, txiroentzako horrelakorik ez dagoela".
Horrenbestez, Alfredok ezingo du berdinketa markatu; inori kalte egin gabe ekintza hori egiteagatik, bere bizitzak urtebeteko etena jasango du, errekuperatzea ezinezkoa duen denbora galduko du. Beraz, ostiralean, Amurrioko manifestakzioan parte hartzera deitzen zaituztet hemendik eta… azkena izan dadila!