Benetako nahiz ustezko arrisku baten aurrean sortzen den urduritasun- edo kezka-egoera bezala definitzen da beldurra hiztegian. Horrela, beldurrak konformista bihurtzen gaitu eta askatasuna urritzen digu. Sentimendu horrek mundua ikuspegi bakarretik begiratzera eta ulertzera garamatza, eta ondorioz, asebeterik sentitzen gara. Hots, beldurraren eraginez bizi gara hainbestean.
Bada, ni neu ere hainbestean bizi naizelakoan nago. Herri txiki batean jaiotako emakumea nauzue, moja eskola batean ikasia, gainera. Txikitandik jaso dudan hezkuntza, bai etxean eta bai eskolan, kristautasun eta lege zaharretan oinarritua izan da: une konkretu bakoitzean tokatzen dena egiteko hezia, lehenagoko aitona-amonek esango luketen modura… neska txintxoa izaten erakutsia; eta txintxoa ez izateak, idatzi gabeko arau eta estereotipoak ez betetzeak, ezberdina izateak… oraindik ere, beldurra sentiarazten didate, askatasuna mugatzen didate… hainbestean bizitzea dakarkidate.
Horrenbestez, hala moduz bizitzeari utzi eta bizipoza sentitu ahal izateko, benetako edo ustezko egonezin edo ezinegon horri aurre egin behar diot, eta horrek adorea eskatzen dit, dena aldatu ahal izateko mahai gainean kolpe irmoa emateko ausardia izatea ezinbestekoa dut. Nahiz eta horrek, agian, edalontziren bat puskatu eta zauriren bat sendatu behar izatea ekarriko duela badakidan.
Horiek horrela, nik egin dut jada nire hautua: ez diot denari irribarre egingo, ez dut guztia onartuko, erakutsi zidatena ahaztuko dut, ez diot artaldeko ardi beltza izateari beldurrik izango, ez diot porrotari beldurrik izango, ez diot norbaitek bihotza ukitzeari beldurrik izango… ikasitakoa ahantzi eta neure barrenak dioena entzuteari ekingo diot. Azken batean, lagun batek esan zidana gogora ekarriz… galdu zaitez noizean behin eta esan adio gauzak ez dauden tokian bilatzeari. Ametsak ez dira oinetako garbiak daramatzaten aukerak; lurra oin azpian sentitu eta zapatak zikinduaz, inoiz lortuko ez zenuela uste zeuen hori lortzera joaten zarenean jaioak baizik. Zure aztarna uzteko hegan egin aurretik lurra ukitzea ezinbestekoa duzu.