Oraindik Aste Santuko biharamuna gainean daramagu. Aurtengoan gainera, eguraldia ere lagun izan dugu Euskal Herrian, eta ondorioz, turista ugari hurbildu dira gurera. Gogoratu bestela, sare sozial guztietan ikusi ahal izan ditugun Gaztelugatxe eta Guggenheim jendez lepo zeudeneko irudiak.
Horrelakoak, hasiera batean eta gehiegi sakondu gabe, positibotzat jo ditzakegun joerak dira: turismoak ekonomia suspertzen duenaren pentsamendua baitaukagu eta ostalariak dira horren adibide, batik bat. Pozik sentitzen dira haiek turistak arrimatzean, baina ez dakit zenbat iraungo dien poztasun horrek. Baliteke negozioaren jabe direnei eta alokairurik ordaintzen ez dutenei, tasun hori sentitzeko pribilegioak gehixeago irautea, baina iraunkorra izatetik urruti dagoela esango nuke. Berdina gertatzen zaie, turista zaparradekin batera, lan prekarioak aurkitzen dituzten horiei ere: zeharka bada ere, momenturen batean nabarituko dute positibotasuna, baina sentipen hori ere lausotuko zaie denborarekin.
Esan beharra daukat niri aipaturiko argazkiek beldurra sentiarazi zidatela. Ez naiz bizkaitarra, eta oraingoz behintzat oso turistikoa ez den herrian bizi naiz, baina gure herrira turistak erakartzeko asmoz egiten diren ahaleginak gero eta gehiago dira, eta hori nabaria da jada herriko kaleetan. Jendetza ez da Bermeoko harkaitzean ikusten zen adinakoa, baina noski, Oñatin El día de la Bestia izan da filmatu duten pelikula bakarra, eta aspaldikoa izateaz gain, ez dauka The Game of Thronesek daukan fama eta bultzada. Ez ditut Arrikrutzeko kobazuloak ikusteko horrelako ilarak aurreikusten, ezta santutegirako erromesaldietan Arantzazura bidean ere, baina herrian bisitariak areagotzeak islatzen duen poziktibititasuna ez dela beti positiboa bai, ordea. Hor dauzkagu, adibidez, auzo baterako bidea zabaltzeko proiektua bertan behera geratu izana autokarabanentzako gunea eraikitzeko edo tabernariek prezioak garestitu izana.
Hala ere, bada aipaturiko irudi horiek arduratu ez duenik ere, eta horrelaxe azaldu da aste honetan prentsan Isabel Muela Eusko Jaurlaritzako Turismo sailburuordea. Bere esanetan, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaia ez daude gainezka inondik ere. Ez dakit zer den berarentzat gainezka egotea, gainera, “biztanleak halako bi dira turistak” esanaz defendatu du kanpotarrak erakartzearen aukera.
Horrenbestez, Euskadin orokorrean gentrifikazioa emango dela baieztatzea gehiegi dela badakit, baina gehiegizko turismoak badu gure herrialdeak bere izaera propioa ahaztarazteko arriskua, eta horrek arduratzen nau gehienbat: turistak erakarri asmoz euskaldunok geure identitate eta izaera galtzea, nolabait. Beraz, turismoa txarra dela ez dut esango baina tentuz jokatzeko eskatu nahi diet dagokienei, ez bainuke nahi neure burua arrotz ikusterik nire jaioterrian.