Sagarrondoa

Erabiltzailearen aurpegia Aintzane Urrutia 2017ko api. 5a, 16:44

"Sagarrondo mota edozein dela ere, landatu eta zaintzen duten horiek, beti maiteko dute fruitua"

Bazkari familiarra izan dugu gaurkoan, eta bazkal ostean, Belgikatik iritsi zaigun berria izan dugu eztabaidagai. Izan ere, bikote batek justiziara jo du kontratatu zuen alokairuko amak, diru gehiagoren trukean, alaba, beste batzuei saldu dielako.  Tamalez (edo ez), legeak alokairuko amari eman dio arrazoia: umearen ama bera da (zen) eta berari dagokio (zegokion) erabakia.

Denetariko iritziak azaltzen dira mota horretako berrien aurrean, eta normalean, horiek guztiak uztartzea ezinezkoa izaten da gainera. Zaila da objektiboki jokatzea, betiere uste dugu batak (edo besteak) duela gurasotasunaren eskubide gehiago. Argi dago beraz, argumentuak pertsonalak izaten direla eta, askotan (edo beti), norberak une horretan bizi duen momentuaren menpe egoten dira gainera. Hala ere,  badago guztiok oso barneraturik daukagun eta amankomunean dugun pisu handiko aldagaia: jendarte heteroarautu eta genetista bateko kideak gara denok. Hori horrela, oraindik ere, familia bat imajinatzean, gizonezko aita, emakumezko ama eta genetikoki propioak diren seme-alabak dira irudikatzen ditugunak. Baina inoiz galdetu al diogu geure buruari zer den ama edo aita izatea? Zerk ematen digu (die) titulu hori? Genetika edo biologiak ematen al digu (die) gurasotasuna?

Ni neu ere, familia heteroarautuko kidea nauzue. Bi seme ditut eta ez dut, inoiz, zalantzan jarri Aretz eta Adeien benetako ama naizen. Gehiago esango dizuet, Veerle Provoostek, ikerlari soziala eta filosofoa den emakume Belgiarrak emandako mintzaldia ikusi izan ez banu, ez nintzen neure buruari horrelakorik galdetzera iritsiko. Genetikoki propioak diren semeak dira eta ez daukat (nuen) benetakotasunaren inguruko duda izpirik. Ghent-eko bioetika institutuko ikertzaile horren lana, bioetika enpirikoan oinarritzen da eta landu dituen alorrak aitatasun genetikoa eta soziala dira. Ikerketan, emaile anonimoen semenaren bidez eraturiko familia heterosexualek eta homosexualek hartu zuten parte eta ondorengo galdera da luzatu zitzaiena: zer dira aita, ama eta familia?  

Ez dut esperimentuan gehiegi sakonduko, galdera ez zuela zuzenean planteatu esango dut bakarrik. Horren ordez, sagarrondoa erabili zuen. Familia parte-hartzaileetako kideek, banan, banan beraien senitartekoak (sagarrak) zuhaitzean kokatu behar zituzten. Konturatu, gurasoek ez zutela beraien (norbaiten) seme-alabekin generik konpartitzen, ez behintzat %100ean. Gure eztabaidako kasuan ere, 23 kromosoma emaile baten bidez jaso zituzten, alokairuko amaren eskutik hain zuzen. Ugari dira gaur egun gure egunerokotasunean aurkitu ditzakegun familia motak, genetikoki loturarik ez dutenak, hots, biologiaren %100 partekatzen ez dutenak: adopzioak, banaketa osteko familiak, in vitro ernalketak, alokairuko umetokiak … asko bilakatu, aldatu eta eboluzionatu du guzti honek aspaldian, baina gure ikuspuntuak ez du berdin egin, gure begirada mantendu egin da. Errealitatea ordea, kalean edozein motatako familiak aurkitu ditzakegula da, eta horiek guztiek ere, ahal izan duten modura beraien sagarrondoa landatu eta zaindu dute.

Sagarretara bueltatuz, bere kasuan hazia eman zuen pertsona aipatu zuen umearen erantzuna ekarri nahi dut. Emaileari buruz hitz egin zuenean, automatikoki, sagarrondoan hura ere kokatzeko eskatu zitzaion. Pertsona garrantzitsua zen berarentzat, bai, baina argi zuen familiako partaidea ez zela; maite zuen, noski, bazekien hura gabe bera ez zela existituko, bizia zor ziola ere, jakin bazekien, bai, baina familiakoa ez zela esan zuenean ere inongo dudarik gabe egin zuen, taxuz. Azkenean, ondo pentsatu ostean, zuhaitzaren enborrean kokatu zuen, maitasunez, baina besteengandik aparte. Geneak konpartitzen zituzten, bai, baina ez ziren unitate bereko kide. Ez zen bere benetako aita (edo ama). Bere benetako aita eta ama, beraien etxeko sagarrondoa landatu zutenak dira, sagarrondoa eta bere sagarrak egunero zaintzen dituztenak, alegia.

Beraz, bazkalondoa aberastu digun gai honen inguruko iritziren bat bota aurretik, gogoratu, sagarrondoaren mota edozein dela ere, landatu eta zaintzen duten horiek, beti, maiteko dutela fruitua. Nahiz izan sagarra errezila, gezamina, goikoetxe, manttoni, moko, mozolua, patzolua, txakala, udaremarroi, urdin, urtebi haundi, urtebi txiki edo frantzes sagarra; beraien amets, ilusio, indar eta ahaleginen bidez, nola edo hala, loratzea lortu zuten zuhaitzaren fruitua izango da. Bakarra, berezia, paregabea, aparta eta aldaezina den semea edo alaba hain zuzen.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide