Urtero jaietako kuadrilla bati egokitzen zaio sanrokeetako txupina piztea. Aurten, aldiz, hainbat kuadrillari egokitu zaizue, Antzinako Kuadrillen kolektiboa osatzen duzuenei, hain zuzen. Nola jaso duzue albistea?
Oscar Gomez Uribarri: Suziri Jai Batzordeko kideek bidali ziguten mezua. Harriduraz jaso genuen lehenbizi, baina oso eskertuta gaude, ilusio handiarekin. Kolektiboan badugu lantalde bat, eta bertara eraman genuen proposamena. Bertako batzarrean aho batez adostu zen gu biok izango ginela suziria piztuko genuenak. Dena den, kontuan izan behar da, suziria gu biok piztu arren, txupinazo berezia izango dela…
Agustin Diaz Gutierrez: Hala da. Ez gara norbanako moduan igoko balkoira, antzinako kuadrilla guztien ordezkari moduan baizik.
O.G.U.: 1960 eta 1990 urteen artean Laudion egondako kuadrilla guztietako ordezkariei luzatu diegu gonbita. Batzuek erantzun dute eta beste batzuek ez, baina harrera nahiko oparoa egon da. Gauzak hala, abuztuaren 15ean hainbat kuadrilletako ordezkariak igoko dira balkoira.
Ez zarete bakarrik egongo, beraz.
A.D.G.: Ez. 1990era arte egondako kuadrilla bakoitzeko pertsona bat igotzea nahi dugu, gutxienez. Urte horretan jarri dugu muga nonbaiten jarri behar zelako…
O.G.U.: Nagusitxoenak garelako (barreak). Gazteagoak direnek oraindik ez dute euren burua ‘Antzinako Kuadrillen’ kolektiboan ikusten, normala denez.
Aiaraldea hedabideak argitaratu du elkarrizketa eta Creative Commons by-sa lizentziari esker zati bat ekarri dugu ALEAra. Txabi Alvaradoren jatorrizko elkarrizketa hemen duzu ikusgai.