Unai Isasi

"Eskuburdinak oso estu lotu zizkidaten, eta min egiten zidatela esaterakoan are gehiago estutu zituzten"

Erabiltzailearen aurpegia Aimar Gutierrez Bidarte 2023ko mar. 6a, 14:00

Ertzaintzak martxoaren 3an atxilotu zuen Unai Isasi Azkarraga gaztea. / Aiaraldea.eus

Unai Isasi gazte amurrioarra atxilotu zuen Ertzaintzak iragan ostiralean Gasteizen; 1976ko martxoaren 3ko sarraskia gogoratzen zuen manifestazioan. Atxiloketaren inguruan mintzatu da Aiaraldea Komunikabidearekin.

Martxoaren 3ko manifestazioaren ostean atxilotu zintuzten. Nolakoa izan zen atxiloketa?

Ostiraleko manifestazioaren testuinguruan beste gazte bat atxilotu zuten. Mobilizazioa amaitzerakoan Foru Plazan geratu ginen taldetxo bat, gazte horren atxiloketari buruzko informazioa bildu eta abokatuekin harremanetan jartzeko kudeaketa lanak egiteko asmoz. Telefono dei batzuk egin genituen, unibertsitateko ikasle batzuekin hitz egin, bere inguruko jendearekin harremanetan jarri… une horretan ezer gutxi genekien bere egoeraz.

Foruen Plazan geundela konturatu ginen geroz eta polizia gehiago ari zirela hurbiltzen ingurura, Ertzaina uniformatuak, baina baita kalez jantzitakoak ere. Geroz eta manifestari gutxiago geratzen ziren gainera, eta Ertzaintzaren presentzia agerikoagoa egiten zuen horrek. Une horretan erabaki genuen telefono deiekin beste leku batean jarraitzea. Plazatik atera eta polizia gehiagorekin egin genuen topo. Nire bila zeudela sumatu nuen. Alde egiten saiatu nintzen, baina kalez jantzitako poliziak nire gainean azaldu ziren, lurrera bota ninduten eta atxilotu egin ninduten.

Ostikada bat eman zidaten buruan, belaunak ipini zizkidan beste batek aurpegian, eta hirugarren bat izan nuen gainean jarrita. Bideoan ikusi dut gerora askoz gehiago nituela gainean, momentuan ez nintzen guztiaz ohartu.

Nolakoa izan zen Ertzaintzaren jarrera?

Urduri zeudela igarri nuen. Nire motxila kentzen saiatu ziren baina ez zutenez lortu, zintak moztu behar izan zizkioten. Eskuburdinak oso estu lotu zizkidaten. Gelditzeko eskatu nien, min izugarria egin zidaten-eta; baina are gogorrago lotu zizkidaten. Ospitalera eraman ninduten zuzenean. Nik uste ohartu zirela bortizki jokatu zutela.

(...)

Aiaraldea hedabideak argitaratu du elkarrizketa eta Creative Commons by-sa lizentziari esker zati bat ekarri dugu ALEAra. Aimar Gutierrezen jatorrizko albistea eta informazio osatuagoa hemen dituzu ikusgai.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago