Zeresan handia sortu du Alea komunikabideak gaur plazaratu duen albisteak: Epaile batek euskara "zaila" dela argudiatu du Laudioko Udaleko hizkuntza eskakizun bat saihesteko.
Kike Amonarrizekin hitz egin dugu horren harira. Soziolingista, umoregile eta aurkezle ezaguna da Amonarriz, eta Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria ere bada.
Urte andana darama euskararen gaineko uste okerrak gezurtatzen, eta oso larritzat jo du Laudioko Udaleko hizkuntza eskakizunarekin gertatutakoa. "Esketx baterako emango luke, gertatu dena horren larria izango ez balitz". Zentzu horretan, Laudioko Udaleko kasuak "oso aurrekari arriskutsua" ezarri duela uste du soziolinguistak, eta horrelako kasu gehiago "etorriko direla" iragarri du.
Euskararen gaineko uste okerrak ere gezurtatu ditu. "Oso hedatua daude euskara hizkuntza zailenen 5. postuan kokatzen duten ranking-ak, erabat azientifikoak diren arren". Horren aurka, hizkuntzen zailtasuna pertsonaren eta testuinguruaren araberakoa dela defendatu Amonarrizek.
“Lanpostu publiko baterako baliatzen diren irizpide guztiak dira diskriminatzaileak, irizpideak berez diskriminatzaileak direlako"
Administrazioak euskalduntzearen aldeko aldarria ere zabaldu du Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak. "Lanpostu publiko baterako baliatzen diren irizpide guztiak dira diskriminatzaileak, irizpideak berez diskriminatzaileak direlako. Baina irizpide guztiek dute helburu bat: ahalik eta langile egokiena hautatzea administrazioan ahalik eta zerbitzu publiko onena eskaini ahal izateko". Horri lotuta, "hizkuntz supremazistatzat" jo ditu euskara administrazioan beharrezkoa ez dela dioten iritziak.
Albiste hau AIARALDEA GAUR hedabideak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea hemen duzu ikusgai.