Lumagorri zisheterosexismoaren aurkako taldeak ekimen berri bat plazaratu duzue: erakusketa. Zer jaso duzue bertan?
Erakusketa honen helburua sexu-genero aniztasun edo disidentziara hurbilpen bat egitea da: kontzeptuak argitu eta errepresio zein borrokaren memoria ariketa bat proposatzea bisitariari. Era berean, normaltzat eta "naturaltzat" ditugun generoa eta sexualitatea ulertzeko eta kudeatzeko erak, ez direla berdinak izan historian zehar azaldu nahi dugu; eta gizarte ez mendebaldarrek beste sexu-genero sistemak izan dituztela erakutsi.
"Normaltzat dugun hori deseraikitzea askatzailea da beti"
Ez normalak ez otzanak du izena lanak. Zein da zabaldu nahi duzuen mezua?
Askotan arautik kanpo jartzen da lupa, ez arauan bertan. Zisheteroarautik kanpo dauden desio, identitate, gorputz zein bizimoduekiko "tolerantzia" edo integrazioaz aritzea baino, disidentzia hauek arrakalatzen duten araua ezabaian jarri nahi izan dugu. Bestalde, erakusketaren bidez, LGTBIQ+ borroka aldarrikatu eta honek gizarte eraldaketan izan eta duen lekua aitortu nahi izan dugu.
Gorputz, desio eta identitate anitzak normalizatzeko ekimena da erakusketa, beraz?
Normalizazioa baino, normatik at dagoen horretatik, norma zein normalitatea zalantzan jartzea da helburua. Sexu, genero zein desioak erregulatu dituzten arauak aldakorrak izan dira egungo eta iraganeko gizarteetan. Norma orok beti du disidentzia bat, eta hori ikusarazi nahi izan dugu. Beste alde batetik, gaur egun, LGTBIQ+ edo sexu-genero aniztasuna deritzoguna gizarteko alor guztietan haragiztatzen dela gogorarazi nahi izan dugu, askotan ikusezin egin duten arren.
[...]
Albiste hau AIARALDEA GAUR hedabideak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea hemen duzu osorik ikusgai.