Gazte bat epaituko dute Tubacexen gertatutako lan heriotza salatzeko ekintza batengatik

Erabiltzailearen aurpegia Aiaraldea Gaur 2021ko aza. 29a, 18:10

Elkartasun dinamika jarri dute abian, epaiketaren kostu ekonomikoei aurre egiteko. / AIARALDEA.eus

Ernai gazte antolakundeko kide bat epaituko dute bihar Gasteizen, 2019ko uztailean Laudioko Tubacex enpresan jazotako lan heriotza bat salatzeko ekimen bat egiteagatik. Fiskaltzak 7.000 euroko zigorra eskatu du, multinazionalari eragindako kalteen ordainetan. Elkarretaratzea egingo dute epaitegi aurrean.

Bihar epaituko dute Gasteizen Tubacexen jazotako lan heriotza bat salatzeko ekimenagatik 2019an atxilotutako gaztea. Urte horretako uztailaren 3an 25 urteko gazte batek bizia galdu zuen Laudioko lantegian. Gau hartan, lan heriotza deitoratzeko ekintza egin zuen Ernai gazte antolakundeak, lantegiko fatxada margo gorriarekin zikinduz.

Ertzaintzak gazte bat atxilotu zuen ekimen horrengatik, eta Tubacex enpresak jarritako salaketa bat medio, gazte horren aurkako prozedura judiziala abiatu zuten 2019ko irailean. Fiskaltzak 7.000 euroko kalte-ordaina eskatzen dio gazte antolakundeko kideari, Tubacexen eragindako kalteengatik.

Epaiketa bihar

Gauzak horrela, Laudioko kasuaren ebazpena ezagutzea falta da. 2019an atxilotutako gaztea bihar epaituko dute, 10:00etan, Arabako Justizia Jauregian. Ernai gazte antolakundeak elkarretaratzea deitu du 10:30ean Gasteizko epaitegiaren aurrean, epaitua izango den militanteari elkartasuna adierazteko. Gazte antolakundearen iritziz, Tubacexeko zuzendaritza izan beharko litzateke epaitua, "2019ko lan heriotzen aurrean inolako erantzukizunik hartu ez duelako".

Albiste hau AIARALDEAk argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea hemen duzu osorik ikusgai.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago