3.800 euro jaso dituzte Tubacexeko langileek Cadizen greban dauden beharginentzat

Erabiltzailearen aurpegia Aiaraldea Gaur 2021ko aza. 24a, 14:29

Tubacexeko langileak Cadizera bidean. / Tubacex

Astearte gauean joan da Tubacexeko langileen talde bat Cadizera eta hango erresistentzia kutxan egingo dute ekarpena.

Tubacex enpresako ia 200 langilek ekarpen ekonomiko egin dute Cadizen greban dauden beharginei elkartasuna adierazteko. Horrela, 3.800 euro batu dituzte metalaren sektoreko protestak babesteko. Asteburuan hasi ziren Aiaraldeko fabriketako langileak egitasmoa zabaltzen euren artean, eta astearte gauean joan dira Andaluziako hirira.

Tubacexeko langileek 236 egun bete zituzten greban kaleratzeen eta prekarizazioaren kontra eta bide horretan hainbat tokitako behargin zein ekintzaileren elkartasuna jaso zuten. Greba amaitzean nabarmendu zuten jasotako laguntza guztia ez zutela ahaztuko, Erresistentzia Kutxako kideek bereziki.

Cadizeko metalaren sektorean dauden beharginek (enpresa txikietakoek, bereziki) duela 8 egun abiatu zuten lanuzte mugagabea. Protestek eragina izan dute hiriko hainbat puntutan eta istiluak poliziarekin arruntak bilakatu dira. Esaterako, gaur bertan egindako manifestazioan estatuko segurtasun indarrek pilotak eta gas-poteak baliatu dituzte.

Albiste hau AIARALDEAk argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea hemen duzu osorik ikusgai.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago