Laudioko Tubacexeko lantegi ingurura bertaratu dira gaur Aiaraldeko EAJko ordezkari instituzionalak. Bertan egon dira Txerra Molinuevo Amurrioko alkatea, Ander Añibarro Laudioko alkatea, Eneritz Alonso Okondoko jarduneko alkatea eta Encina Castresana Aiarako Kuadrillako lehendakaria.
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak joan den astean emandako bi epaiak betetzea eskatu diote ordezkari jeltzaleek Tubacexeko zuzendaritzari. "Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Gorenak Tubacexeko lantegietako langileek aurkeztutako salaketaren alde egin zuen uztailaren 6an. Epaiak kaleratzeak baliogabetzea eta 129 langileak beren lanpostuetara berehala itzultzea ezarri zuen", azaldu dute EAJko kideek.
Atzoko Laudioko kaleetan egindako mobilizazioan eskualdeko herritar asko bildu zirela nabarmendu dute ere, "Arabako multinazionaleko langileen aldarrikapenen alde egiteko".
Albiste hau AIARALDEAk argitaratu du eta, Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Aimar Gutierrezen jatorrizko albistea hemen.