Boniface Ofogo

"Afrikako herrien filosofiaren funtsa euren ipuinetan dago"

Erabiltzailearen aurpegia Txabi Alvarado 2021ko ots. 13a, 09:54

Boniface Ofogo ipuin kontalaria.

Laudion bizi den Boniface Ofogo kamerundarrak jaioterriko ipuinak sortzen eta kontatzen ditu.

Boniface Ofogok (Omasa, Kamerun, 1966) ipuin kontalari gisa egiten du lan. Afrikako kontakizunak bildu eta plazaratzen ditu. Hainbat liburu argitaratu ditu. Orain, euskarazko lehena kaleratu du, Pamiela argitaletxearekin.

Kamerunen sortu zinen baina urteak daramatzazu Laudion bizitzen. Nolatan?

1988ko irailaren 22an iritsi nintzen Madrilera, eta 2006ra arte egon nintzen bertan. Ordura arte bisitan etortzen ginen noizbehinka Laudiora, nire bikotea hemengoa delako. Higiezinen burbuilaren biktima izan ginen. Nire seme-alabak jaio zirenean etxe handiago bat bilatzen hasi ginen, baina ez genuen Madrilen topatzerik izan. Gauzak hala, Laudiora bizitzera etortzea erabaki genuen, familiaren etxea eta sostengua genituelako. Hala ere, ni Madrilera noa sarritan, lan kontuengatik.

Nola hasi zinen ipuin kontalari gisa lan egiten?

Beka batekin joan nintzen Kamerunetik Madrilera. Hispanitate Filologia ikasi nuen, eta master bat ere egin nuen, migrazioei eta komunitateen arteko harremanei buruzkoa. 1999tik 2006ra alor horretan egin nuen lan, baina unibertsitatean ipuinak kontatzen hasi nintzen. Hori egitetik soilik bizi nintekeela konturatu nintzenean uko egin nion beste lanari.

Zertan datza zehazki zure lana?

Heldu zein haurrentzako kontakizunak ditut, eta zenbait liburu argitaratu ditut. Hilabete honen amaieran argitaratuko da euskaraz egin dudan lehena: Kandinga lehoia.

Publiko bati istorio bat kontatzean, antzina bezala. Eskola eta liburutegietan aritzen naiz batez ere. Heldu zein haurrentzako kontakizunak ditut, eta zenbait liburu argitaratu ditut. Hilabete honen amaieran argitaratuko da euskaraz egin dudan lehena: Kandinga lehoia. Fabula bat da, album ilustratu formatuan. Bere boterea gehiegikeriaz erabiltzen duen lehoi baten istorioa da. Ipuin hori euskaraz kontatzen ikasteko asmoa daukat, nire alabaren laguntzarekin.

Ipuin afrikarrak kontatzen dituzu. Zer dute berezi kontinente horretako kontakizunek?

Beste toki batzuetako ipuinak kontatzeko badaude beste kontalari batzuk, ni ipuin afrikarretara mugatzen naiz. Afrikako kultura ahoz-ahokoa da batez ere, ia dena transmititzen da horrela, eta hori islatzen da ipuinetan. Antzinako memoria berreskuratzeko saiakerak egiten dira ipuinen bidez. Afrikako herrien filosofiaren funtsa euren ipuinetan dago. 

Ahotsa da erabiltzen duzun lanabes bakarra?

Bai, ahotsa bakarrik. Orain, pandemia hasi zenetik, online saio asko egiten ditut. Ahotsa eta hitza dira nire lehengaiak. Baina begirada eta keinuek ere dute garrantzia istorio bat ondo kontatzerako orduan. Jantzi afrikarra janzten dut emanaldietan, eta ahotsa eta keinuak baliatuta kontatzen dut istorioa. Ikusleak lelotuta geratzen dira. 

Oso ezberdina da ipuin bat kontatzea edo idaztea?

Osagarriak dira bi jarduerak. Elisa Arguile ilustratzailearekin lan egin dut. Espainiako Ilustrazio Saria irabazi du. Nik istorioa egin eta bidaltzen diot, eta bera arduratzen da marrazkiak egiteaz. Orain eleberri bat idazten ari naiz. Hemendik hilabete gutxira amaitzea espero dut 2017. urtean hasitako lana.

Proiektu berriak dituzu, beraz. 

Jende orok nahi du gauzak ondo joatea, kultura munduan dabilen jendeak batez ere. Badago borondatea kultur langileen zein programatzaileekin partetik.

Bai. Pandemia hasi zenean ipuin kontaketa saioak eten ziren, baina orain berriz heldu diet. Lehen hiruhilekoko agenda ia beteta daukat. Baikorregia izan naiteke agian, baina uste dut jende orok nahi duela gauzak ondo joatea, kultura munduan dabilen jendeak batez ere. Badago borondatea kultur langileen zein programatzaileekin partetik. Horregatik naiz baikorra. Nobela laster amaitzea espero dut. Badut idatzita, berrikuspen fasean dago. Udaberrirako argitaratzea espero dut. 

Zeri buruzkoa da eleberria?

Etorkin baten bizitza du hizpide, hirugarren pertsonan kontatuta. Kanpoan urte batzuk eman ostean bere sorterrira itzuli behar da, bere aita zaintzera, gaixorik dagoelako. Ospitalean daudenean pandemia hasten da. Badago herrialdearen egoerari lotutako trama politiko bat... Nire herrialdearen istorioa kontatzen du, funtsean. Nire bizitzan inspiratua dago, baina fikziozko zati asko ditu. 

Nola osatzen dituzu kontatu edo idazten dituzun ipuinak?

Ipuinetako asko datoz nire txikitako oroitzapenetatik. Baina, aldi berean, nire jatorriko herrira joaten naiz. Herrixka horretan ez dago argindarrik, eta ahoz ahoko tradizioa indartsu dago oraindik. Bertatik ipuinak jasotzen jarraitzen dut. Nire istorio guztiak daude errealitate horretan inspiratuta. 

Aldaketa asko daude Afrikako zonalde bateko eta beste bateko ipuinen artean?

Kultura guztietako ipuinek dute elkarrekiko antz handia. Pertsona guztioi kezkatzen gaituzten arazoei erantzunak bilatzeko saiakerak dira ipuinak. Erantzun hori ezberdina izan daiteke tokiaren arabera, baina arazoak berdinak dira: ezezagunarekiko beldurra, heriotzaren ostean zer gertatzen den, besteekiko harremanak... hori dena islatzen da ipuinetan, arketipo moduan. Mendebaldeko herrietako eta Afrikako ipuinak antzekoak ziren, baina lehengoek zentsura pairatu zuten kristau eta burges moralen partetik.  Zentsura hori ere ikusi daiteke fraide katolikoek eginiko ipuin afrikarren bildumetan. 

Zer nolako etorkizuna ikusten diozu ipuin kontalaritzari? Ahoz ahoko transmisioa mantendu egingo dela uste duzu?

Ipuin kontalariok ez dugu hitza hiltzen utziko. Etorkizun oparoa ikusten diot ogibide honi, paradoxikoki.

Ipuin kontalariak kultur erresistentzia mugimendu baten parte gara, aldaketarekiko erresistentzia, komunikazio birtualaren aurrean. Gizakiak gara hitzez komunikatzen garen bakarrak. Ipuin kontalariok ez dugu hitza hiltzen utziko. Etorkizun oparoa ikusten diot ogibide honi, paradoxikoki. Badago zerbait garrantzitsua galtzen ari garenaren kontzientzia. Konfinamendua hasi zenean ipuin kontaketa saio bat egin nuen zuzenean sare sozialen bidez, etxean  geratu behar ziren ume guztientzako. 10.000 ikustaldi izan zituen. Umeek marrazki bizidunak eta beste hainbat entretenimendu dituzte, baina ipuinen beharra dute oraindik.

Irakurri osorik: Aiaraldea.eus

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago