Tubacexeko zuzendaritzako kideek gutun bat bidali diete hainbat erakunderi enpresaren asmoak azalduz. Zuzendaritzaren aburuz, taldeak bizi duen egoera "jasangaitza" da, eta datozen bi urtetako aurreikuspena "zeharo ezkorra" dela azaldu dute; 18 milioi euroko galerak aurreikusten dituzte 2021erako.
Jesus Esmorisek, Tubacexeko kontseilari ordezkariak, "neurri gogorragoak" hartzeko erabakia jakinarazi du. 150 langileren kaleratzea iragarri zuen enpresak, galera ekonomikoei eusteko helburuarekin. Mahai-gainean neurri "ez traumatikoak" ere jarri izan dituztela azaldu du Esmorisek eta proposamen horiek negoziatzeari uko egin izana leporatu die sindikatuei. Soldatak %9 jaistea eta lanorduak 40 ordutara igotzea zen zuzendaritzaren proposamenetako bat, Esmorisek azaldu duenez.
Tubacexek, ordea, 2024ra arte heltzen diren maileguak ordaintzeko likidezia duela adierazi du berriki; 236,9 milioi euro ditu, hain zuzen.
Albiste hau Aiaraldea.eus -ek argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea eta informazio osatuagoa hemen dituzu ikusgai.