Dokumentala

'Sasiak eta haziak', Aiaraldeko emakumeen bizipenak indarkeria matxistaren inguruan

Erabiltzailearen aurpegia Aiaraldea Gaur 2020ko aza. 25a, 12:57

Sarean ikusgai dago Aiaraldea hedabideak ekoiztutako Sasiak eta haziak dokumentala. Indarkeria matxista du hizpide ikus-entzunezkoak, eskualdeko zazpi emakumeren bizipen eta hausnarketak jasota.

Dokumental hau Aiaraldea hedabideak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea eta informazio osatuagoa hemen duzu ikusgai.

Aiaraldeko zazpi emakumek jasandako edo bizitako indarkeria matxistaren testigantzak jaso ditu Sasiak eta haziak dokumentalak. Sexu abusuak, jazarpen edo gutxiespenak, indarkeria fisiko eta psikikoa, gazteen arteko jarrera matxistak eta beste eguneroko errealitateak ikusaraztea izan da helburua, eta zapalkuntza horien aurrean "ahalduntzea" lortu duten emakumeen errelatoei bide ematea.

"Macarena Leonek, esaterako, 13 urtez jasandako biolentzia eta "libre eta zoriontsu" bizitzeko gauzatutako ahalduntze prozesua kontatu ditu; eta Irune Egigurenek unibertsitate ikasketetan indarkeria matxista pairatu duten emakumeekin egindako lanaren ondorioak azaldu ditu. Leire Sanjurjok, berriz, jai giroan zein gazteen espazioetan (udaleku zein gaztelekuetan kasu) ematen diren erasoak izan ditu ardatz.

Halaber, bestelako gaiak ere jaso ditu ikus-entzunezkoak: "Gentzane Aldai, esaterako, pilota munduan sentitutako jazarpen zein gutxiespenez mintzatu da. Ludi Temiñok, aldiz, Berriak supermerkatuetako emakumeen lan gatazkaren garaipenaren esperientzia partekatu du, lan munduko botere harremanak edota akordioetarako aukerak bistaratuz".

Halaber, Aiaraldea Hedabideak sustatu duen lanak hizpide izan ditu Maddalen Muguruza Aiaraldeko Mugimendu Feministako kideak azken urteetan egindako lana eta neska gazteen artean jasotako lekukotzak.

Dokumentala azaroaren 24an estreinatu da, 20:00etan, Aiaraldea.eus atarian. Hasiera batean aurkezpen publikoak aurreikusita bazeuden ere, bertan behera geratu dira herrietako emanaldiak, Covid-19ak eragindako pandemiaren ondorioz.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago