"Nahiago nuke lehiaketetan parte ez hartzea eta liburuak zuzenean argitaratzeko aukera izatea"

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Aspuru 2020ko urr. 11a, 08:00

Ramiro Pinilla eleberri laburren lehiaketa irabazi du Mikel Ayllon Corralek. / M.A.C.

Mikel Ayllon idazleak bi literatura lehiaketa irabazi berri ditu. Alde batetik, Donostiako Kutxa Saria jaso du ipuin sorta idazteagatik; bestetik, Ramiro Pinilla saria eman diote eleberri motza aurkezteagatik.

Duela hiru aste Donostia Kutxa Saria irabazi zuen, eta jarraian Getxoko Udalak eta Pinillesca elkarteak antolatzen duten Ramiro Pinilla eleberri laburren lehiaketa. Saritutako ipuin sortaz eta eleberriaz zabal jardun du Mikel Ayllonek (Laudio, 1980). 

Zer kontatzen du eleberri motzak?

Garai baten gainbehera. Hiri baten aldirietan dago kokatuta, langile auzo batean, edo, behintzat, hori izandako toki  batean. Fabrika handia dago bertan eta apurka auzunea husten ari dira eta lantegia ere ixteko puntuan dago. Protagonista neska gazte bat da, umea den unetik abiatuta. Hazten doan neurrian sumatzen du auzoak itxura aldatzen duela uda guztietan, zirkua doalako. Zabalgunea dago eta bertan jartzen dute karpa. Bere begietatik bizi du industriaren gainbehera eta zirkua ere pikutara joaten dela. Bera ere inplikatuko da zirkua berriro irekitzeko ahaleginean, artistekin elkartuta.

Zein da islatu nahi izan dituzun gatazkak?

Gatazka da nola atera gainbehera datorren mundu zahar horretatik, zer egin. Badago eredu zurruna, fabrikako langileena: itxierari aurre egiten diote, hasieran mobilizazio handiekin eta gero eta urriagoekin, harik eta dena desagertzen den arte. Zirkuko artistek, hasieran, tentazio hori daukate, baina umearen aita lantegiko ekintzailea izan zen eta berak egindako guztia gorrotatzen du, nerabea delako garai horretan. Horren ordez, beste bide bat hartzea proposatzen die, protestan ez geratzeko, baizik eta urrats bat gehiago ematea eta benetan nahi dutena gauzatzea. Zirkua irekitzea, alegia.

Badauka zerikusia Ez tiro egin anbulantziei eleberriarekin? Hor ere gainbehera irudikatzen zen.

Urrats naturala da. Liburu hartan hiltzen ari den mundua dago, jaiotzen ez den mundu berria, ezinegona, noraeza...  Kasu honetan erantzun saiakera dago, bide bat. Garrantzia eman nahi nion horri, bideari. Beharbada hirugarren eleberri batean emaitzetan zentratuko naiz, baina kasu honetan axola zidan zein erabaki hartzen zituzten pertsonaiek.

Elkarrizketa hau AIARALDEAk argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker zati bat ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea hemen duzu ikusgai, osorik.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago