Artziniegako historiaren isla

Erabiltzailearen aurpegia Izar Mendiguren 2020ko uzt. 26a, 09:06

Hamaika lagun gerturatu zen Alde Zaharreko eskultura multzoaren aurkezpenera. / Aiaraldea

Joan den larunbatean estreinatu zituzten Campilloko begiratokian hiru eskulturak jendaurrean. Artziniegako artistek egin dituzte, herritarrek emandako material eta laguntzarekin.

Campilloko begiratokian kokatu dute eskultura multzoa. Lau piezaz osatua dago bilduma, eta Artziniegako sortzaileek egin dituzte beren-beregi herriko bizitza eta historia omentzeko. Benjamin Respaldiza apaizak proposatu zuen ideia iragan lege-agintaldian, eta 1.500 euro bideratu ditu Udalak gauzapenera.

Lau ataletan banatu dute esanahia, baina denek dute zerbait komunean: udalerriko armarria irudikatzen dute batuz gero; hots, hiru dorre eta zuhaitza. Artziniegan duen garrantziagatik, artea da zuhaitza. Horrez gain, dorreek herriari lotutako elementuak dituzte goiko aldean: Arteko Gure Ama santutegia, Luciano kaleko aldapan zegoen defentsa dorrea, eta Ordunte hitza. Izan ere, Ordunte kontzeptuak ordezkatzen ditu Artziniegari lotutako Soxoguti, Erretes Tutera, Mendieta eta Santa Coloma herriak.

Barne aldean, berriz, arteari lotutako Artziniegako hiru museoei egin diete tartea. Hala, Museo Etnografikoaren omenez laia ikusi daiteke dorreetako batean, arte sakroaren seinale den gurutze zahar bat, eta Santxotena museoak sortutako "emakume buru baten abstrakzioa".

Ekimen kolektiboa izan da, Udaletik azaldu moduan, eta esker ona eman diete, bereziki, lanen autoreei. Benjamin Respaldiza sustatzaileak aurkezpenean kontatu zuenez, "herriak egin ditu eskulturak". Batzuek makinaria jarri dute, beste batzuek lurra, harria...

Lanak ikusgai daude asteburutik edonorentzat. Artziniegako bizitza, artea eta ondarea osasuntsu dauden adierazle.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago