Koronabirusa

Sugarrik gabe hasiko da uda Aiaraldeko herrietan

Erabiltzailearen aurpegia Txabi Alvarado Bañares 2020ko eka. 23a, 09:49
Suarekin erlazionatutako ia ekintza guztiak bertan behera utzi dituzte. / Aiaraldea.eus

Bertan behera geratu dira udako solstizioa ospatzeko egingo ziren ekintza gehienak, COVID-19aren ondorioz. Debeku zehatzik ez dagoen arren, bertan behera geratu dira suarekin erlazionatutako ekintza gehienak.

Oso aspaldikoa da udako solstizioa ospatzeko sua pizteko tradizioa. Urtero errepikatzen da ohitura, eskualdeko herri guztietan. Aurten, baina, sugar gutxirekin  egingo zaio ongietorria udari Aiaraldean, herri gehienetako ospakizunak bertan behera geratu baitira koronabirusaren ondorioz.

Laudion

San Joan Astobitzako jaiak izan ziren bertan behera geratzen lehenak, apirilean. "Ez dugu ezagutzen ekainean izango dugun egoera, baina azken unean urteroko egitaraua antolatzea ezinezkoa zaigu, jai batzorde txikia eta xumea garen heinean", adierazi zuten orduan jai batzordeko kideek, eta honakoa eskatu zioten udalari: urtero jasotzen duten diru-laguntza "COVID-19ak herritarrongan sortu dituen zailtasunei aurre egiteko erabiltzea". 

Dena den, Akelarre Dantza Taldeak emanaldia grabatu du baselizaren inguruetan, eta udalaren webgunean estreinatuko dute bihar -asteartea- gauean. Laudioko Deabruak taldeak grabatutako ikuskizuna ere bihar sareratuko da, gaueko hamarretan.

Amurrion

Amurrio izango da sua piztuko duen herri bakarra, ohiko ordu eta tokian. Hala ere, ez bertaratzeko deia luzatu du udalak, zuzenean emitituko baitute. Otsemeak taldeak, bere aldetik, atzeratu egin du ohiko akelarrea. 

Aiara, Artziniega eta Arakaldon

Luiaondo eta Murgan egin ohi diren suak ere ez dira egingo aurten, Gentza Alamillo Aiarako alkateak jakinarazi duenez.  Artziniega Museoan antolatzen den udako solstizioko jaia ere bertan behera geratu da, eta baita Arakaldokoa ere.

Albiste hau AIARALDEAk argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker zati bat ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea hemen duzu ikusgai, osorik.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide