Madelen Urietak (Amurrio, 1981) beste urtebetez jarraituko du Araskiren gidari lanetan. Kluba hazten jarraitu eta ahal bada aurreko sasoiko emaitzak lortzeko helburuarekin berritu du kontratua entrenatzaileak.
Nola bizi izan dituzu azken bi hilabete hauek? Nola moldatu zara entrenatzaile eta kirol zuzendari funtzioa betetzeko konfinamenduan?
Positiboa izaten saiatzen ari naiz, une honetan funtsezkoa dela uste dut. Hasieran kolpe handia izan zen, txapelketak bertan behera geratu zirelako eta denboraldiaren une onenean geundelako. Hilabete baino ez zen falta denboraldia amaitzeko. Ameriketako jokalariak bere herrialdera joan behar izan zuen, itzulera atzeratzen bazuen posiblea zelako itzuli ezin izatea. Estatu espainiarrean bizi diren jokalariak euren etxeetara itzuli ziren, gehienak hemengoak izateak dena erraztu zuen. Horretatik atera dudan gauzarik positiboena da etxetik askoz modu zentratuagoan lan egiteko eta beste une batean egin ezingo nituzkeen gauzak egiteko aukera izan dudala. Harrobiaren, lehen taldearen eta klubaren estruktura ondo planifikatzeko baliatu dugu konfinamendua. Sare sozialak asko dinamizatu ditugu, harrobiko jokalariekin kirol saioak egin ditugu eta nutrizio gidaliburuak egin dizkiegu. Gure coach-arekin jarduerak ere egin ditugu, une delikatu hauetan nola jokatu erakusteko. Ez gara geldirik egon. Berez, inoiz baino gehiago lan egin dugula esango nuke, etxean eman dugun denbora guztia klubarentzako ekimenak egiteko baliatu dugulako.
Eginiko lan horrek guztiak balioko du etorkizunean dituzuen erronkak aurrera ateratzeko?
Hala izatea nahiko nuke. Baina, zoritxarrez, hala izango ez delakoan nago, ez behintzat nahiko genukeen bezala. Bestalde, eginiko lanak badu bere garrantzia, eduki eta estruktura aldetik askoz hobeto lan egin ahal izango dugulako. Beraz, eginiko lanak izango du eragina, baina ez horrenbeste, egoeraren ezegonkortasunagatik, batez ere.
Elkarrizketa hau Aiaraldeak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea eta informazio osatuagoa hemen duzu ikusgai.