Amurrion, Urduñan eta Laudion ospatu da Aiaraldeko Euskararen Eguna azken hiru urteetan, hurrenez hurren. Aurten, aldiz, Orozkon (Bizkaia) egingo dute. Abenduaren 1ean –igandea– izango da hitzordua eta egitarau zabala prestatu dute bertako euskaltzaleek.
Herriaren hautaketa ez da nolanahikoa izan. Orozko UEMAn –Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea– sartu da aurten. Erakunde horren parte izateko baldintza soziolinguistiko bat bete behar dute udalerriek: euskaldunen indizea %70etik gorakoa izatea. "Orozko da bertan sartzea lortu duen eskualdeko udalerri bakarra", azaldu dute Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluko kideek, "horregatik erreferentea iruditu zaigu eskualdean, eta nabarmendu nahi izan dugu".
Ahobizi eta belarripresten dinamikaren kolofoi gisa baliatu dira Aiaraldeko Euskararen Egunaren azken bi urteetako edizioak. Aurten, aldiz, ez dago horrelako kanpaina indartsurik. Hala ere, egitarau oparoa prestatu dute hurrengo igandean, hilaren 1ean. Goizean, haur, nerabe zein helduentzako jolasak izango dira nagusi. 13:30ean koreografia erakustaldia egongo da eta, jarraian, Arratiako bertso-eskolako kideen saioa. Ondoren egingo da eguneko ekitaldi nagusia, eta herri bazkaria atonduko da gero. Amaitzeko, kantaldia, erromeria, gaztaina eta txokolate jana, eta zinema emanaldiak egongo dira, arratsaldean, besteak beste.
Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak azaldu duenez, eskualdeko euskaltzaleak biltzeko topaketa izango da: "Ahobizi eta belarriprest guztiak elkartu nahi ditugu data honetan euskaraz bizi nahi dugula aldarrikatzeko".