"Ohorea da Bilboko Arte Ederren museoa eraberritzea, 20 urte eta gero"

Erabiltzailearen aurpegia Aiaraldea Gaur 2019ko ira. 17a, 10:43

Koldo Uriarte Uribarrik urte andana darama arkitekto moduan lan egiten. AIARALDEA.EUS

Koldo Uriarte Aldaiturriaga (Luiaondo, 1950) arkitektoa da. Bilboko Arte Ederren Museoa eraberritzeko bere taldearen proiektua hautatu dute. Bere ibilbide profesionalaz, erronkez eta ikuspegiez mintzatu da.

Bilboko Arte Ederren Museoa berritzea izango duzu datozen hilabeteetan ardura nagusi.

Nazioarte mailan ireki zuten Bilboko Arte Ederren Museoa berritzeko lehiaketa. Madrilgo Foster Estudioak 2000. urtean eraikin beraren erreforma egiteko nire proiektua hautatu zuela jakin nuen (1998an izan zen lehiaketa hori). Eurek esan zidaten ea beraiekin aurkeztu nahi nuen oraingo deialdira, eta noski, ezin izan nien ezezkorik eman, nahiz eta beste talde batzuk ere interesatzen zitzaizkidan. Modu sinple batean aurkeztu genuen egitasmoa, eta ezustekoa eraman nuen, uste bainuen gazteei edo beste ideia fresko batzuei tokia egingo zietela.

2018.urtean ere berrikuntza txiki batzuk egin nituen. 1998tik 2001era bitartean ere museoa berritzen ibili nintzen, beste lehiaketa bat irabazita. Beraz, egia da urte asko daramatzadala museo horren inguruan lanean eta bueltaka.

Zein da aurkeztu duzun proposamena?

Lehiaketak eraikina handitzeko ideiak eskatzen zituen, galeria handi bat izateko, erakusketa guneak edukitzeko… Lurrazpiko alternatiba proposatu beharrean, eraikinaren gainaldearen alde egin genuen apustu. Gu oso goiz hasi ginen proiektua prestatzen, duela bi-hiru hilabete egin genituen lehen zirriborro eta maketak.

Fosterren lan egiteko modua hori da: azken 15 egunetan 40 pertsona jartzen dira lan bera hobetzen, gurekin batera. Izugarria da: mundu osoko adin eta ibilbide ezberdinetako jendea aritzen gara errespetu osoz besteen lanak fintzen. Niretzat hori opari bat da.

Oso bizia izan da, estresatuta baina emozioz bizi izan dut prozesua, irabazteko eta galtzeko aukerak nituelako. Niretzat museoa oso berezia da. Zorte eta ohore handia da niretzat 20 urte eta gero bizirik dagoen elementu baten erabaki garrantzitsuen parte izatea.

Albiste hau Aiaraldea.eus-ek argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea eta informazio osatuagoa hemen duzu ikusgai.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago